Zuzenean

NAIZ IRRATIA

'Argia'-ren mendeurren festa, urriaren 12an Donostian

Ospakizun urtea du aurtengoa 'Argia'-k. Ehun urte bete ditu eta urte osoan antolatutako ekimenen baita ospakizuna izango du aldizkariak asteburu honetan. 'Deskoloniza gaitezen' izenburua jarri diote festari. 

Audio_placeholder

'Argia'-ren mendeurren festa, urriaren 12an Donostian

Loading player...

Urriaren 12rako, larunbaterako, 'Argia'-ren mendeurren festa antolatu dute Donostian aldizkariaren sustatzaileek. Estitxu Eizagirre zuzendaria izan da eguerdian NAIZ Irratian.  1919an sortutako aldizkariaren ehun urteko bidea ari da ospatzen aurten 'Argia'. Orain arteko ekimenek izan duten harrera beroa azpimarratu ostean asteburuko ospakizuna aldizkariaren «izaeraren neurrikoa» izango dela aurreratu du. 'Deskoloniza gaitezen' da leloa eta datak berak eman die aitzakia, «urriaren 12a tokatzen zitzaigun eta beno, buelta ematea pentsatu genuen, gaia jarri digute eta 'Deskoloniza gaitezen' leloarekin oso gure izaerako egitaraua antolatu dugu».

Bezperan, ostiralean, hasiko dira ekimenak, 'Napardeath' trilogiaren emanaldiarekin (21.00 Trinitate plazan). Larunbata 'Zomorro bila Urgullen' izena jarri dioten txangoarekin hasiko dute, Iñaki Sanz biologoa eta Eñaut Aiartzagunea marrazkilariak gidatuko dute. Eguerdirako (12.00 Trinitate plaza) ibilbide historikoa antolatu dute kalez kale, «harrotzen gaituen historia, ez Elcano eta hainbeste esploratzaile eta esplotatzaile izan dituena», Eizagirreren esanetan. Txistulariek gidatuta, Urko Apaolaza historialariaren azalpenekin eta Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe bertsolariek «zirikatutako» saioa izango da. 

13.00etan soka-dantza izango da eta ondoren bazkari herrikoia, norberak bere jana eramanda. Arratsaldean 'Pobresiak' emanaldia; Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorren emanaldia San Telmon eta 18.00tan ia-ia tradizio bihurtzen ari den «NAN arrotzen jaurtiketa txapelketa». 

Amaitzeko kontzertuak izango dira Trinitate plazan: Amaren alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado.

'Ez gara neutralak'

Urtea amaitu aurretik mendeurreneko beste ekimen batzuk ere prestatu dituzte. Tartean, Gorka Bereziartuak idatzi duen 'Ez gara neutralak' liburua argitaratuko dute. Eizagirreren esanetan «komunikazio proiektu honen mamia eta egiteko modua azalduko ditu. Liburu 'gerrillero' bat da». 

Mendeurrena «indarrak biltzeko» eta «proiektua sendotzeko» baliatzen ari direla nabarmendu du Eizagirrek, «halako komunikazio proiektuetan behar izaten baita indarra eta kemena». 

 

Jaurlaritza Logoa