Zuzenean

Naiz Irratia

«Aita Mariri erreskaterako baimena ukatuta Gobernu espainiarra legearen gainetik jartzen da»

Itsas Salbamendu Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundeak kudeatzen duen Aita Mari ontziak Mediterraneora joateko Madrilen baimena jaso du azkenean, baina erreskateak egiteko debekua ezarri diote. Asmoa datorren asteazkenean Greziara abiatzea da. Amaia Martinez Aita Mariko kideak gogoratu du legeak zehazten duela arriskuan dauden pertsonak jaso egin behar direla, «ezin da inor itsasoan utzi».

Audio_placeholder

«Aita Mariri erreskaterako baimena ukatuta Gobernu espainiarra legearen gainetik jartzen da»

Loading player...
Aita Mari ontzia.
Aita Mari ontzia.

Mediterraneora giza laguntza eramatera joateko baimena eman dio Gobernu espainiarrak Aita Mariri. Martinezek gogoratu du normalean 24 edo 48 orduz luzatzen den tramitea, euren kasuan, ia hilabetez luzatu dela. Udaberrian ere izan ziren Mediterraneo aldean eta orduan bezala, orain ere, berriro ukatu diete erreskate lanak egitea. «Debeku horrekin jarraitzen dugu».

Eta nola baloratzen du Aita Marik debeku hau? «Eskubide gabeko debeku bat dela baloratzen dugu, legearen gainetik jartzen ari dira, arriskuan dauden pertsonak jaso behar dira, ezin da itsasoan inor utzi», dio Martinezek. Azpimarratu du Europar Batasunaren hitzarmenetan jasota daudela arau horiek.

Aita Mariko kidearen hitzetan «hilabeteak daramatzagu jendea nola itsasoratzen den ikusten, bizitza izpi txiki baten bila ateratzen dira eta asko hil egiten dira». Egoera honetan «ez dugu ulertzen nola den posible Espainiak guri baimena ukatzea, azken finean beraiek egin behar duten lan bat da eta ez egite horretan gu prest egonik ez dago eskubiderik debekua ezartzeko, lotsagabekeria bat da», dio.

Erreskateak egiteko debekuaren abiatuko dira, beraz, Grezia aldera, printzipioz, datorren asteazkenean bertan. Izan ere, lehorrera iristea lortzen duten migranteak oso egoera txarrean daudela azaldu digu Martinezek. Aita Marik oinarrizko materiala eramango du. Pasa den astean ontziratu zuten, orotara zazpi tona. «Niri egia esan malkoak atera zitzaizkidan, ikaragarrizko laguntza humanitario pila aritu ginen bodegatan sartzen. Euskal Herriko gizartea ikaragarria da honekin, asko eskertzen dugu, indarra ematen digu babes guzti honek».

Jaurlaritza Logoa