Zuzenean

Naiz Irratia

«Fiskaltzak presoekin duen jarrera aldatzeko kohesio politikoa gakoa izango da»

Euskal Herriko bake prozesuan etapa berri bat hasteko unea dela esan du Bake Bideak orain arte egindako bidearen balorazioa aurkeztearekin batera. Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramailearen hitzetan azken bi urteetan pausu positiboak izan dira, presoen hurbiltze nahiz DPS estatutuen inguruan, baina badira «askatu gabeko korapiloak». «Arazoa dugu presoen askatzeari lotzen garen momentuan», ohartarazi du. Horren aurrean, Funosasen esanetan «kohesio politikoa gakoa izango da Paris mugitu dadin».

Audio_placeholder

«Fiskaltzak presoekin duen jarrera aldatzeko kohesio politikoa gakoa izango da»

Loading player...
Hautetsi eta gizarte zibila Azaroaren 2an elkartuko dira bake prozesua hizpide. (Bob EDME)
Hautetsi eta gizarte zibila Azaroaren 2an elkartuko dira bake prozesua hizpide. (Bob EDME)

Alderdi, erakunde eta eragile politiko eta sozial nagusietako ordezkaritza zabala elkartu da gaur goizean Biarritzen Bake Bideak egindako bilana aurkezteko.

2017ko uztailaren 10ean 22 lagunez osaturiko ordezkaritza zabala osatu zen Ipar Euskal Herrian. Mota guztietako hautetsiak, presoen babeserako elkarteak, Bakearen Artisauetako ordezkariak eta Bake Bidea bera bildu ziren talde honetan. Helburua, euskal presoei urtetan zehar aplikatu zaizkien salbuespenezko neurriak alboratu eta legedi arrunta aplikatzeko Estatu frantziarraren inplikazioa lortzea. Bada, lortu zen Frantziako Gobernuko justizia ministerioarekin egiazko eztabaida eremu bat irekitzea eta 2018ko urtarrilean presoen lehen hurbiltzeak iragarri ziren.

Epe honen balorazioa egiterakoan, «alde positiboak noski baditu eta beste alde ilunagoak, edo gaur egun beti askatu gabeko korapiloak», adierazi du Funosasek.

Gogora ekarri dut Parisera joan zirela gobernu berri bat osatu zelako. Ipar Euskal Herri gisa joan zirela ETAren armagabetzearen hurrengo egunean esatera Euskal Herrian lehentasuneko gai bat dela bake prozesua eta presoen auzia eta gobernu horri «bidea egitea» tokatzen zitzaiola.

Lehen helburua salbuespenezko neurriekin amaitzea zen. Hurbilketen eta DPS estatutuen inguruan, «errango nuke nabarmen aintzinatu den gaia dela», dio Funosasek. Positiboki baloratu du, halaber, «etengabeko mobilizazio soziala» bermatu izana, «hautesti eta eragile gehienen babesa eta aktibazioa ziurtatu dugulako».

Bake Bideako bozeramailearen esanetan, «arazoa dugu beste etapari lotzen garenean, elkarbizitza helburu presoen askatzeari lotzen geran momentu honetan». Hor balorazioa ezkorra da. «Ez delako fiskaltza ezberdinen aldetik inolako aldaketarik ematen, oso jarrera agresiboa dute, inongo biderik eman nahi ez diona etapa berri honi».

Epaitegietan aldaketak eman direla dio, aurrera pausuak izan direla, «baina oztopo larriak ditugu fiskaltzarekin». «Hori behar dugu denok elkarrekin irauli, eta horretarako ezinbestekao da pasa gaitezen perspektiba berri batera, izan behar du justiziaren moldaketa, markoa aldatzea bake prozesura eta horretarako behar dugu bildu, adostu eta denek bat eragin Pariseraino».

Funosasen esanetan, hurbilketak lortu dira «herri mobilizazioarekin, herrialde bezala tinko agertu garelakotz Estatuari esaten badela lurralde honetako lehentasunezko gai bat». Hala, presoen askatzea lortzeko ere «kohesio politikoa klabea izango da Paris mugitu dadin, gakoa Euskal Herrian dugu, elkarrekin beharko dugu ondoko etapan determinatu zer nola jokatu fiskaltzaren jarreraren aldaketa emateko».

Jaurlaritza Logoa