Zuzenean

EH Bildu: «Mankomunitateak herritarren bizi kalitatean eman dituen pausuak sendotzea bermatu dugu»

Aritz Ayesa azken lau urteetan Iruñerriko Mankomunitateko presidente izan dena «oso pozik» dago David Campion independienteak hartuko diolako lekukoa. Navarra Sumak instituzio honen gidaritza hartzeko zegoen arriskuaren aurrean, «gure kezka handiena zen Iruñerriko Mankomunitateak aurrera egiten jarraitzea, lau urte hauetan egin dugun lana sendotzea eta uste dugu gure apustua ongi atera dela», esan du EH Bilduko kideak.

Audio_placeholder

EH Bildu: «Mankomunitateak herritarren bizi kalitatean eman dituen pausuak sendotzea bermatu dugu»

Loading player...
David Campion independientea izendatu dute Iruñerriko Mankomunitateko presidente
David Campion independientea izendatu dute Iruñerriko Mankomunitateko presidente

Navarra Sumako Juan Jose Etxeberria eta EH Bilduko Aritz Ayesa ziren hautagai nagusienak eta bideragarrienak. Atzo arratsaldean egin zen presidentea hautatzeko bozketa eta azken orduko negoziazio eta elkarrizketek, eta nagusiki Ayesak bere hautagaitza erretiratu izanak, egoera irauli zuten. Gakoa zen PSNk ere azken unean bere hautagaitza erretiratu zuen eta azkenean independiente bat izendatu zuten Mankomunitateko buru  EH Bildu, PSN eta bost independienteren botoei esker.

Ayesaren esanetan Mankomunitateko buru berria izendatzeko negoziazioetan bazekiten EH Bilduren programa ez zela arazoa. «Lau urtetan elkarrekin egin dugu lan, beste talde politikoekin eta gauza asko martxan jarri ditugu, horretan oinarrituta programa sendo eta zintzo bat genuen».

EH Bilduren hautagaitzak behar zuen babesa lortzeko arazoak zeudela ikusita «eskuzabaltasunez» jokatzea erabaki zuten eta independiente bat babesteko prestutasuna agertu zuen koalizioak. Horrekin, besteak beste, «PSOEren mugimendua azaleratu nahi genuen, ulertzen genuen bere hautagaitza trikimailu bat zela Navarra Sumari emateko lehendakaritza».

Ayesaren esanetan «politikoki garrantzitsuena da lau urte hauetan egin dugun lana eta herritarren bizi kalitatean eman ditugun pausuak sendotzea bermatu dugula eta horregatik gaude pozik eta itsaropentsu».

Orohar, EH Bilduko kideak uste du Nafarroako errealitate politikoa «irauli» egin duela koalizioak eta «lehioak irekitzen» jarraitzen dutela. «Eremuak zabaltzen jarraitzen dugu eta independienteekin ere akordioetara iristeko gai gara».

Navarra Sumari buruz, Ayesak dio bozka kopuru handi bat dutela baina ez direla gai beste inorrekin akordioetara iristeko. «Eta gu behintzat hori lortzen ari gara», gaineratu du. «Argi dago batuketak zenbaki onak eman dizkiola Navarra Sumari baina haratago ez dago deus».

Mankomunitatearen buru izan da EH Bildu azken lau urteetan, hori bai, akordio zabal batek eraman zuen presidentetzara Ayesa. Zentzu honetan, ezberdinen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du. «Azken lau urteetan eduki dugun lan eredua iraulketa bat izan da Mankomunitatean, ireki ditugu lan taldeak eta batzordeak eta talde poliliko guztiekin akordioetara iristeko gai izan gara. Eredu hori hor gelditzen da eta uste dut oinarri sendo bat izan dela atzo eman zen pausua eman ahal izateko. Jorratzen jarraituko dugulakoan nago».

Jaurlaritza Logoa