Maria Luisa Gurrutxaga (PSE): «Jendeak dauka orain hitza, eta denok entzun behar dugu zer dion»
Espainiako hauteskunde orokorren deialdia «espero zitekeen zerbait» izan da Maria Luisa Gurrutxaga PSEko diputatuak NAIZ Irratiari onartu dionez. Orain, gobernuaren «blokeoa» gainditzeko formazio ezkertiarren beharra dutela onartu du, baina «boto baliagarria» haiena dela ziurtatuz.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Espainiako hauteskunde orokorren deialdia zabaldu denetik aurrekanpaina betean daude alderdi politiko guztiak. Maria Luisa Gurrutxaga PSEko diputatuari deialdiak ez dio lekuz kanpo harrapatu, «espero zitekeen zerbait» dela ziurtatu baitu. Ataundarrak NAIZ Irratiari onartu dio hauteskunde-deialdiak «beti izaten direla estrategikoak», eta talde parlamentariek etxebizitzaren dekretuak gaitzestean Pedro Sanchezek hartutako erabakia berretsi du, azken hileko egoera ez zelako «ideala».
Gurrutxagaren alderdiaren programaren «zutabea» etxebizitzaren auzia da, hain zuzen ere, eta diputatuak ziurtatu du alderdi sozialistak «legealdi osoan zehar lana egin duela» arazo hau konpontzeko. Guzti honen aurrean PP eta Voxek izandako jarrera «negargarria» iruditu zaio, bai eta Juntsi «kareta erori» zaiola. Etxebizitzaren eskubidea aldarrikatu du PSEko bozeramaleak, eta sindikatuek igandean deitutako Greba Orokorra «errespetu osoz» babestu du.
Euskal Autonomia Erkidegoari buruz galdetzean, onartu egin du alderdiak ez duela bere hitza bete Gernikako Estatutuan, baina horren ardurak EAJrekin banatu ditu. Gizarte Segurantzaren eskuduntzak «ondo aztertu beharreko» auziak direla defendatu du Gurrutxagak, EAJ eta EH Bildu «gai identitarioetan» elkartzen direnean PSE «bestelako arazoak konpontzen» aritzen dela ziurtatuz.
Azaroaren 29ko hauteskundeei begira, jakitun da «eszenatokia ez dela erraza» eta bestelako formazio ezkertiarren beharra dutela, baina «argi» dauka boto baliagarria haiena dela. 2023ko uztaileko hauteskundeei erreferentzia egin die, «alderdi sozialista «kanpainetan hazi» egiten dela konfiantzaz azaltzeko.