IRRATIA

Korrikaren 24. edizioa Bartzelonara iritsi da

Ostegunean abiatu zen Korrikaren 24. edizioa Atharratzetik. Zuberoa eta Nafarroa Beherea zeharkatu ostean, Nafarroan barrena doa euskararen aldeko lasterketa. Baina Euskal Herriko mugetatik haratago, munduko hainbat bazterretan ospatzen da Korrika ere, eta gaurkoan Bartzelonaren txanda izan da.

Bartzelonako Korrika Montjuic parean (Intza Iturralde)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Paris, Londres, Buenos Aires eta Sidney bezalako hirietara iristen da Korrika, bazter horietako Euskal Etxeek bultzatuta, munduko txoko guztietan baitu indarra euskaltzaletasunak. Larunbat honetan Bartzelonaren txanda izan da, eta NAIZ Irratian izan dira Intza Iturralde eta Saioa Olasagasti, Bartzelonako Korrikaren edizio honetan parte hartu duten euskal gazteak.

Goizetik abiatu da jardunaldia, 10.15etan hasi dute eguna, umeentzako tailer batekin; bertan haurrek aurpegia margotzeko eta petoak prestatzeko aukera izan dute, eta ostean, 10.30etan, haiek hasi dute lasterketaren lehen kilometroa. Intza Iturralde Bartzelonako Korrikan parte hartu duen gazte euskaldunak azaldu duenez, edizio bakoitzean pertsona edo elkarteren bat omendu nahi izaten dute, eta aurtengoan umeak izan dira erdigunean.

«Aurtengoan Bartzelona eta Katalunian jaio diren euskal familietako haurrak omendu nahi izan ditugu. Beraiek euskararen lekuko direlako, eta euskara jorratzen duten haur txiki horiei egin nahi izan diegu omenaldia». 

Hirian bertan egin dute Korrikaren ibilbidea, hiru geldialdiz ostatutako 8 kilometroko lasterketarekin. Lehen geldialdian euskal dantza ekitaldia antolatu dute, bigarrenean Katalunian hain garrantzitsuak diren castell-a egin dute, eta azken geldialdian bastonerak izan dira. Gaurko jardunaldiarekin euskararen indarra azpimarratu eta honi babesa emateaz gain, Euskal Herriak eta Kataluniak duten ahizpatasuna ekarri nahi izan dute gogora.

«Gaur bi omendu ditugu: hasieran haurrak eta amaieran Correllengua, herrialde Katalanean hizkuntzaren alde egiten duen Korrika moduko bat, eta beraiek izango dira azken kilometroan lekukoa hartuko dutenak». Omenaldiak besteak beste bi hizkuntzen eta bi herrien arteko elkartasuna omentzea izan du helburu.