«Mendiko zinemak egin du leku bat Euskal Herrian Mendi Filmen bidetik»
Abenduan Bilbon egindako BBK Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren ostean, martxan da 2026ko Mendi Tour zikloa. 2025ean 14.000 ikusle eta 49 egoitza izan zituen zirkuituak hazten jarraitzen du eta baikor dira aurtengoari begira ere.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Aitor Elduaien Mateo Mendi Filmeko komunikazio arduradunak abenduko jaialdiaren balorazio positiboa egin du Bigarren Kafean. «Hamar egun eder izan ziren. 8.400 lagun inguru izan genituen eta emanaldi guztiak Bilboko Euskaldunan izan zirela kontuan izanda, okupazio portzentaia %60 ingurukoa izan zen. Kopuruaz haratago, publikoaren profila zabaltzen ari da eta hori ere balioan jarri beharrekoa da».
Behin abendukoa igarota, urtarrilean ekin zitzaion 2026ko Mendi Tourrari. Bilakaera oso positiboa izaten ari den zikloa da. «Ohiko egoitzei berriak batzen ari zaizkie eta publiko aldetik zenbaki mardulak izaten ari gara. Areto txiki zein handi, eskala guztietan jendea oso ondo ari da erantzuten».
«Mendi Tourreko saio guztietara lan taldeko kideak joaten gara aurkezpenak eta proiekzioak egitera. Horrek muga batzuk sortzen dizkigu kopuru aldetik. Orain 50 geltokiren mugan gabiltza eta agian 60ra iristea posible da, baina iristen garen puntura iritsi gaitezke».
Datorren martxoaren 9tik 11ra hamaseigarrenez izango da Mendi Tour Tolosako Leidor aretoan. Guztira hamar lan eskainiko dira eta horietatik bost euskal zuzendariak tartean dituzten ekoizpenak izango dira. Elduaienek aitortu du plaza berezia dela Tolosakoa. «Lagunarteko kontu bat izaten da, lagunek esker onez erantzuten dute eta hori sekulako gozatua da».
Entzun Aitor Elduaien Mateorekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.