IRRATIA

Play Station-en etorkizunari begira

State of Play emanaldian PlayStation-en etorkizuna ezagutarazi dute. Tartean God of War-en berregiteak, Castlevania: Belmonts's Curse edo Kena: Scars of Kosmora utzi dizkigu ekitaldiak. 

Este navegador no soporta el elemento audio.


Bideojokoen aurkezpen handien egutegia geroz eta egonkorragoa da. Otsailean, ia urtero lez, PlayStation bere State of Play emanaldia eskaintzera etorri da: ordubete baino gehiago iraun duen zuzenekoan God of War, Castlevania zein Kena berriak iragarri dituzte, beste hainbaten artean.

Kratos gudaren jainkoa askotariko tituluekin itzuli da. Lehen hiru God of War handien berregiteak prestatzen dabiltza Santa Monica Studio-tik; gainera, God of War: Sons of Sparta 2D abentura iragarri eta kaleratu du Mega Cat Studios taldeak. Konami indartsu ibili da: Castlevania: Belmont’s Curse guztiz berriarekin batera, Metal Gear Solid: Master Collection Vol. 2 zein Silent Hill: Townfall erakusi ditu. Ember Lab gazteak, bestalde, Kena: Scars of Kosmora iragarri du PlayStationekin elkarlanean.

Horren aurkezpen luzearekin, are ezusteko gehiago egon dira: Control Resonant, Legacy of Kain Defiance Remastered eta Ascendance, Marvel Tōkon: Fighting Souls, Death Stranding 2: On the Beach-en PC bertsioa edo John Wick asasinoaren bideojokoa ikusi ditugu State of Play emanaldian.

Beste berri batzuetara igarota, Blizzard-ek Diablo sagaren 30. urteurrena ospatzeari ekin dio. Lehen ezusteko handia Diablo II: Resurrectedentzat espantsioa izan da: Reign of the Warlock izenpean, aztiaren pertsonaia zein hainbat berrikuntza eta hobekuntza gehitu ditu.

Kaleratzeekin eta itxierekin ere jarraitu dugu, kasu honetan, oraintsu estreinatutako bi jokori lotutakoekin: Highguard-en arduradunek lantaldearen gehiengoa kaleratu dute, alde batetik; bestetik, 2XKOren lantaldea murriztu du Riot Games-ek, 80 langile kaleratuta.