IRRATIA

«Zifrez haratago pertsonen babesa erdigunean jarri behar dugu»

Euskadik nazioarteko babes-eskaera gehien jasotzen dituen estatuko lurraldeen artean jarraitzen du. Dena den, 2025ean asilo eskaerek beherakada nabarmena izan dute, batez ere Araba eta Gipuzkoan. CEAR-eko, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeko Lide Mancisidor abokatua NAIZ Irratian izan da.

CEAR-ek Errefuxiatuen Mundu Egunagatik egindako elkarretaratzea Bilbon (Marisol Ramirez | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Lide Mancisidor Echegaray CEAR Gobernuz Kanpoko Erakundeko abokatua NAIZ Irratian izan da babes-eskaeren inguruan hitz egiteko. Datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa estatu mailan asilo eskaera gehien jasotzen dituen lurraldeen artean dago. Mancisidorren esanetan zaila da arrazoi konkretuak ematea, migrazio mugimenduak arrazoi konplexuei men egiten baitiete, baina gurea «helmuga eta igarobide garrantzitsua» dela nabarmendu du. Gogoan izan beharra dago munduko biztanleriaren %4a jaio zen herrialdetik kanpo bizi dela. 

Errefuxatuei laguntzeko erakundearen datuen arabera, babes-eskaerek behera egin dute EAEn, baina joera egonkorra dela azaldu du Mancisidorrek, eta Espainiako datuekin alderatuta EAEn jaitsiera ez dela hainbestekoa izan azaldu du. «Egia da estatu mailan eskaerak %14 jaitsi zirela 2025ean, baina hala ere gure lurraldean kontuan hartzeko bolumena dago oraindik». 

Babes-eskaerak gehien jaitsi diren lurraldeak Araba eta Gipuzkoa izan dira, eta Bizkaiak jaso ditu eskaera gehienak 2025ean. Guztira, Bizkaiak 5.100 asilo eskaera jaso zituen pasa den urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eskaeren %70a. CEAR-eko abokatuaren esanetan, zifra eta datuen atzean pertsonak daude, eta horiei lagundu eta babesa ematea erdigunean jarri behar dela berretsi du.

Beherakada egonkorra

Mancisidorrek eskarien murriztearen zergatia zehaztea zaila dela azaldu du, migrazio-fluxuek duten konplexutasuna argudiatuta, baina bi arrazoi nagusiri egotzi die beherakada: 2024ko migrazio politiketan egindako aldaketei eta mugen kanporatzeari.

«Bi arrazoi nagusi daude hori ulertzeko: alde batetik 2024. urtean atzerritartasun erreglamendu berria onartu zenean, nazioarteko babesaren errejimenarekin bateraezintasuna eragin zuen. Horrek esan nahi du asilo eskariak ukatuak direnean pertsonak irregulartasun administratiboan aurkitzen direla, pertsonek ez dute hori nahi, eta jende askok eskaria egiteari uko egiten dio orduan».

Mugen kanporatzeak ere asilo eskaeren murriztea eragin duela azaldu du CEAR-eko abokatuak, bere esanetan «mugen kanporatzeak, hau da, mugen kontrola jatorrizko edo igarobide diren herrialdeetara kanporatzeak eta herrialde horiekin egindako itzulera akordioek, lur zein itsasotik etortzen den migrazioaren %50a murriztea eragin du, eta horrek nola ez, efektua du aurkezten diren eskarietan».

CEAR-en papera

CEAR eta antzeko zerbitzua eskaintzen duten gainontzeko gobernuz kanpoko erakundeen lana ezinbestekoa da babes-eskaera egin nahi duten pertsonei laguntzeko. CEAR-era laguntza eskean iristen diren pertsonekin lan egiteko bi adar dituztela azaldu du Mancisidorrek.

«CEAR-ek bi programa nagusi ditu pertsona hauei laguntzeko. Hasteko prozedimentu legalean egiten dugun artatze juridikoa, eta bestalde, harrera sistemaren parte den programan egiten den artatze soziala, psikologikoa eta denetariko akonpainamendua».

Babes-eskaerak egiten dituzten pertsonen profilak oso desberdinak direla azaldu du abokatuak, badira gatazka armatuetaik ihesean datozenak, krisi-klimatikoagatik datozenak edota genero indarkeria pairatzen dutelako babes eskean iristen direnak besteak beste.

Profil anitzak

Artatutako profilek gaur egungo migrazio-prozesuen aniztasuna eta konplexutasuna islatzen dute. Besteak beste, Ukrainatik, Kolonbiatik, Venezuelatik, Malitik edota Palesintatik etorritako pertsona ugari artatu dituzte 2025ean. Euskadin Maliko 900 pertsonari eta Gazako 81 pertsonari emandako laguntza nabarmendu du CEAR-ek.

Babes-eskaerak egiten dituzten pertsonen jatorria anitza bada ere, asiloaren arrazoiak anitzak dira ere. Uste orokorraren aurrean, «gatazka armatuen» ondorioz etorritako pertsonak asko diren arren, Mancisidorrek bestelakoak ere badirela azpimarratu du: «Krisi-klimatikotik ihesean datozenak geroz eta gehiago dira. Bestalde, Genero-indarkeria ere arrazoi nagusietako bat da, baita aktore pribatu askok eragindako jazarpena, Malin edo Somalian gertatzen den bezala».

Aktore pribatuez ari denean, herrialde barnean arazoak eragiten dituzten taldeez ari da, paramilitarrez hain zuzen. Gatazka horiek «gatazka armatu» gisa izendatuta ez dauden arren, leku horietatik datozen pertsonak gerra testuinguru batetik ihesean datozela azpimarratu du Mancisidorrek.

Zifrak ez, pertsonak

CEAR-eko abokatuak gogorarazi du babes-eskaeren onarpen tasa altua izan edo ez, eta jatorrizko herrialdea zein den kontuan hartu gabe, asiloa eskatzen duten pertsonak testuinguru konplexu eta larrietatik datozela bizitza hobe baten bila, eta egoera zaurgarrian daudela nabarmendu du.

«Bai onarpen tasa handia dutenen zein onarpen tasa txikia dutenen istorioak, denak zaurgarritasun egoera baten ondorio dira eta denak testuinguru oso konplexuetatik datoz».

Horregatik, zifrei modu hotzean ez erreparatzeko beharra azpimarratu du, zifra horien atzean arrazoi anitzengatik beraien herrialdea utzi behar izan duten pertsonak daude eta.