«Oraindik lan ederra dugu egiteko, eta euskararen aldeko borrokan lehen lerroan segituko dugu»
Ikamak deituta, milaka ikasle kalera atera dira, hezkuntza euskaldunaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak hartu dituzte 'Gure Hezkuntza Euskalduna' lemapean. Honen inguruan gehiago jakiteko ZEBRABIDEAN izan da Garazi Ubiria, Ikamako Bozeramailea.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Abenduaren 11 honetan, Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, hezkuntza euskaldunaren aldeko aldarriz bete dira. Ikama Ikasle Antolakundeak deituta, ‘Gure Hezkuntza Euskalduna’ lemapean, milaka ikasle atera dira kalera.
Egunak emandakoaz, eta dinamikaren nondik norakoez gehiago jakiteko ZEBRABIDEAN izan da Garazi Ubiria, Ikamako Bozeramailea.
Gaurko greba eguna ikastetxeetako eta campusetako piketeekin hasi dute «ikastetxeak husteko eta ikasle oro gure mobilizazioetara batzeko». Ondotik, HEHko hiriburu guztietan batu dira herrialde osoko ikasleak, eta 12etan abiatu dira mobilizazioak.
«Orokorrean nahiko balorazio ona egiten dugu, ikusten dugu gero eta ikasle gehiago garela, ikasleon eskubideen alde borrokatzen dugunak, gaurkoan hezkuntza euskaldun baten alde. Ikusten dugu ikasleria masa zabala prest dagoela hezkuntza euskaldun baten alde borrokatzeko eta kaleak hartzeko».
Hau ordea ez da egun bakarreko kontua izan. Dinamika urrian aurkeztu zutenetik ikasle egun eta ikasle jardunaldi andana antolatu dituzte txoko desberdinetan. ‘Bizi dugun testuinguruaren aurrean olatu bat sortzearen beharra’ azpimarratu izan dute behin baino gehiagotan.
«Azken hilabeteetan euskalgintzak eragileek behin eta berriz azpimarratu duten bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Ikusi dezakegu euskararen aurkako oldarraldi juridiko eta politikoa dugula parez pare eta hezkuntzak ere paper garrantzitsua jokatzen du, bai euskalduntze prozesu bidean edo euskararen normalizaziora bidean»
Egungo banaketa administratiboaz ere mintzatu da Garazi: «Badakigu egoera oso desberdina dela hiru eremu administratibo hauetan. EAEn euskara ofiziala den arren, euskalduntze prozesuan ez dira aurrera pausuak ematen; Nafarroa oraindik zonifikazio legearen baitan dago eta Nafarroako %50ak baino gehiagok ez du izanen kontakturik bere hezkuntza ibilbidean euskararekin; eta Ipar Euskal Herriko ikasleei oraindik ez zaie beraien hezkuntza ibilbideko azterketa garrantzitsuenetako bat euskaraz egiten uzten. Beraz badakigu bide luzea dugula egiteko oraindik».
Ostegun honetan ‘Gure Hezkuntza Euskalduna’ leloaren baitan mobilizatu dira, eta hainbat aldarrirekin hartu dituzte kaleak: «Lehenik eta behin euskararen biziraupenerako independentzia ezinbestekoa ikusten dugu. Euskal Herriko beharrei erantzungo diren eta gure nahi eta beharretara egokituko den Euskal Hezkuntza Sistema Propio eta Komunitarioa behar dugu horretarako. Honi lotuta, Euskal Herriko ikasle orok euskaraz ikasteko eskubidea bermatua izan behar du, eta horretarako ezinbestekoa ikusten dugu euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan. Guk aldarrikatzen dugun hezkuntza sistemak euskalduna kalitatezkoa eta irisgarria izan behar duelako». Horri tiraka aipatu du Garazik, segregazioarekin amaituko duen murgiltze plan eraginkor baten beharra ere.
Abiatutako borroka ordea, ez da dinamika honekin amaituko.
«Gure hezkuntza euskaldunaren bidean eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propio eta komunitario hori lortu arte oraindik ere lan ederra dugu ikasleok hezkuntzatik egiteko, beraz gure aldarriekin bat egiten duen ikasle orori gure borrokara batzeko deia egiten diet, ikasleok euskararen aldeko borrokan oraindik ere lehen lerroan egongo garelako».