IRRATIA

10 urtean ezer argitaratu gabe egon eta gero ‘Agurren balada’ kaleratu du E.H. Sukarrak

2015ean publikatu zuen ‘Azken gezia’ izeneko diskoa talde eibartarrak eta, abesti berrien sorrera prozesuan dauden honetan, lehen singlea kaleratu dute 2025a bukatu aurretik. MusikHaria saioan izan da Mikel Gorosabel ‘Norton’ taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea.

Eibarren errotuta jarraitzen du 36 urte eta gero E.H. Sukarra taldeak. (Mikel ASKASIBAR)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Badira 36 urte taldea martxan jarri zela eta 35 urte Soraluzeko Gaztetxean lehendabizikoz oholtzara igo zirenetik E.H. Sukarra taldekoak. «Denbora erlatibizatzen ikasi dugu, ordea, adinean gora egin dugun bezala», aipatu digu Mikel Gorosabel ‘Norton’ taldeko kide eta sortzaileak.

Hamar urte dira ‘Azken gezia’ diskoa atera zutela eta Gorosabel pozik dago «‘Aspaldiko loreak’ gazteek nola abesten duten ikusita. Gure kontzertuetara gerturatzen ari dira orain hainbat gazte eta disko hori kaleratu genuenean espero ez genuen bidea egin du abesti horrek. Gainera, ez hori bakarrik, diskografia guztiko abestiak kantatzen dituzte eta hori da sortzaile batentzat dagoen saririk onena».

Taldea abestiak sortzen dabil orain, ez da sekulan ere geratu eta disko bat osatzeko asmorik ez badute ere, bideo-singleak kaleratzen joatea da haien asmoa. «Ideia zaparrada bat neukan eta Eñaut Gaztañagarekin jarri nintzen lanean. Ezpalaken lana segitzen hasi nintzen eta hortik gerturatu nintzen berarengana. Bidali nizkion buruan nituen ideiaik eta ‘Agurren balada’ single moduan ikusten zuela esan zidan. Grabatu eta publikatu dugu», kontatu digu Gorosabelek. «Gustatzen zait eszena nola dagoen jarraitzea eta oso proiektu interesgarriak loratu dira azkenaldian. Aipatutako Ezpalak da bat, baina Marte Lasarte esaterako oso dibertigarria egin zait baita ere. Freskotasuna dute, arauak apurtzeko nahia dutela ikusten zaie eta hori erakargarria suertatzen zait», esan digu musikari eibartarrak.

Ez dira geratu orain arte esan dugun moduan eta ez dute geratzeko asmorik ere: «Kantuaren izenburua horregatik jarri dugu pluralean. Agur mota desberdinak daudelako eta bakoitzak bere lurraldera eramango duelako abestia. Dena dela, guk ez dugu honekin agurrik iragartzen. Ezin dugun arte musikaren bueltan segiko dugu».

Otsailean eta martxoan izango dituzte datozen kontzertuak, bereziak haien esanetan, Durangon, otsailaren 21ean, eta Azpeitiko Sanagustinen, martxoan, Ezpalak taldearekin batera. Gainera, datorren urtean lehenengoz oholtzara igotzen ikusi zuen herriak berak, Soraluzek, izango du taldeaz gozatzeko aukera. Agurrik ez, beraz, E.H. Sukarraren partetik.