IRRATIA

Indarkeriaren aurkako ahotsak

Ad libitumen efemerideei kasu handirik egiten ez diegun arren, ezin genion bizkarra eman atal honek azaroaren 25ean kointziditu izanari. Gaurkoan, beraz, emakumeen aurkako indarkeria ardatz izan duten abestiak entzungo ditugu.

Este navegador no soporta el elemento audio.


Musika mezu potenteak helarazteko arma garrantzitsua izan daiteke, eta gaurko atalean hori frogatuko dugu. Emakumeen aurkako indarkeriak datu oso larriak erregistratu ditu azken urteotan; eta patriarkatuaren ondorio den gaitz honetaz gero eta kontzienteago garen arren, zifra horiek oraingoz ez dira jaisten ari.

Testuinguru honetan, sendagai zuzenena ez bada ere, musikak borrokarako arma eta emozioentzako baltsamo izaten jarraitu du, emakume askoren ahotsen bitartez (baita gizon askorena ere, baina gaurkoan ez ditugu aztertuko).

Maixa eta Ixiar emakume jaio izanaren ajeez kexatu ziren 2001eko ‘Emakume jaio nintzen’ abestian; eta, indarkeriaren gaia jorratzen ez badu ere, beharrezkoa den testuingurua eskaintzen digu gaurko atalaz hitz egiteko. Aurrerago etorriko diren ‘La puerta violeta’ (Rozalen), ‘Malo’ (Bebe) edota ‘Merichane’ (Zahara) abestiek, gaiaren gordinean sartuko gaituzte euren letra grafikoekin.

Feminizidioaren gai latzari ere begietara begiratuko ditugu gurko atalean, bereziki Vivir Quintana abeslari mexikarrak eginiko ‘La canción sin miedo’ abestiari eta Sastraka gaztetxean egindako euskarazko bertsioari esker.

Noski, atala, beti bezala, euskal artistek egindako abesti batzuekin ere osatuko dugu.