«Krisiak aukerarako uneak dira; okerrena alferrik sufritzea da, ez du merezi»
Potaton tronpeta jotzen eta ondoren reggearen bueltan izandako hainbat proiektutan aritu da Julen Trepiana. Otea Lilin direnak eta ez direnak aztertzeko tartea hartu du berarekin.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Julen Trepiana, Trepi (Gasteiz, 1966). Regaea da betidanik bere pasioa eta helburua. Euskal Herriak eman duen reggae talderik ospetsuenean (Potato) tronpeta jotzaile sartu zen, baina poliki-poliki beste zeregin batzuetara ailegatu zen, kantuen sortzaile eta kantari izatera pasatuz.
Potato taldearen dekadentzia ikusi ondoren, hura utzi eta hiru talde sortu zituen Potato taldeko musikari trebatuenekin: Arawak, Trepi eta Arawak (euskara hutsean) eta Gobeo Bay.
Hizlari azkarra eta duina. Nazioarteko reggaeri begirada asko bota zizkion eta aditua da. Ironiarako gaitasun bikaina du, Otea Lilin bere osotasunean erakutsi ez badu ere. Denetik hitz egin dezake, baita sinkretismo kromatikoaren gainean ere.
Julen Trepiana Trepik euskal reggaeren gailurrera eraman zuen Trepi eta Arawak taldea. Bere hitzak musikatu zituen eta baita euskarazko testu bikainak ere: Joseba Sarrionandia, Joxean Artze, Xabier Montoia, Jon Maia... Musikan perfekzioaren bila doan sortzailea da, batek daki kantu beraren zenbat bertsio grabatu dituen estudiora eraman aurretik! Ironia eta oreka dira solasaldian erakutsiko dituen armak. «Gorrotoa beti egon izan da gizarte guztietan, nahiz eta batzuetan oinarrizko instintuak moteltzeko gaitasuna dugun». Aiton-amonek 36ko gerra bizi ondoren ilobari esaldi bat transmititu zioten: «Egin nahi duzuen moduan, baina beste gerra bat ez». Alferkeria eta harrokeriak gorroto ditu.