Musika zuzenean entzuteko tartea eskaintzen duten saioak
Atal honetan, denboraldi honen hasieran egin genuen saio bati bigarren zatia egingo diogu. Musika zuzenean entzuteaz gozatzen duten horientzako bereziki eskainitako atala: musika ardatz duten ikus-entzunezko saioez arituko gara.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Dudarik gabe, kontzertuak dira artistak zuzenean ikusteko aukerarik onena; eta saio honetan ez gara aspertuko entzuleak kontzertuetara joan daitezen gomendatzeaz. Baina bada zuzeneko musikaz gozatzeko beste aukera bat, agian ez hain purua eta bat-batekoa, baina bai demokratikoagoa; eta hori zuzeneko musika saioek eskaintzen dute. Aurreko atal batean Tiny desk programa estatubatuarraz eta bere efektuaz hitz egin genuen. Gaur, atal horren bigarren zati bat egingo dugu eta beste hainbat musika saio izango ditugu hizketagai; telebistakoak, irratikoak nahiz internetekoak; nazioartekoak, eta gureak, Euskal Herrian ekoitziak.
Ad Libitumetik pasako dira From the Basement, BBC Live Lounge edota Later with Jools Holland bezalako saio britainiarrak; Espainiako La Revuelta; eta The Ed Sullivan Show, Saturday Night Live eta AOL Sessions bezalako estatubatuarrak. Baina, bereziki, gaurko saioa tankera honetako euskal saioak lehen lerrora ekartzeko baliatuko dugu: Gaztea irratiko Behekaldea, Grindin Gutarrak edota, jakina, Naiz Irratiko Bigarren Kafea. Etxean dugun panorama musikal aberatsak ere bere artea eskaintzeko tartea merezi duelako, eta tarte hori eskaintzen duten espazio asko dagoelako!