«Etxebizitzarekin negozioa egiten dutenen negozioa bermatzen du EAJren eta PSEren legeak»
Alokairuko etxebizitza parke publiko handi bat erdiesteko asmoz, 47 zuzenketa aurkeztu dizkio EH Bilduk EAJ eta PSEren etxebizitzaren egoera eraldatzeko salbuespen legeari. Ekimen honen berri gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Xabi Astigarraga, EH Bilduko legebiltzakidea Gasteizko parlamentuan.
Este navegador no soporta el elemento audio.
EH Bilduk ez du begi onez ikusten EAJ eta PSEk Etxebizitza, Lurra eta Hirigintzarako egindako lege proposamena. Horregatik, 47 puntuko zuzenketa aurkeztu du EH Bilduko legebiltzarkidean den Xabier Astigarragak astelehen honetan.
Datuei erreparatuta, 10 herritarretatik 8k ez dute etxebizitzarako sarbiderik ez jabetzan ezta alokairuan ere. Premisa horretatik abiatuta, etxebizitzaren inguruan egiten den analisiarekin kritiko da Astigarraga. Etxebizitzak eraiki behar direla justifikatzeko, analisi «interesatua» egiten dela dio. Zer nolako etxebizitzak «sortu» behar diren aztertu beharko litzateke bere ustez. Ez du hitz hori ausaz aukeratu. «Ulertu behar dugu ere jadanik eraikita dagoen etxebizitza parkea eta urbanisatua dagoen lursoruaren erabilera sustatu beharko genukeela. Sortu behar ditugun etxebizitza horien nolakotasunean jarriko nuke fokua. Izan ere, herritarren gehiengoak ez dauka etxebizitzara sarbidea izateko gaitasun ekonomiko nahikorik eta, beraz, ez litzateke nahikoa izango etxebizitza eskaintza handitzea.»
Etxebizitza «merkeak» behar direla dio, «herritarren gaitasun ekonomikoetara» moldatuko direnak. Hori proposamen konkretu batera eramanda, «alokairu babestuko parke askoz handiagoa» litzateke. «Gaur egun daukagun azpiegitura publikoa oso txikia da. Alokairuko parkea etxebizitza parkearen % 2 inguruan kokatzen da eta uste dugu etokizunean hemendik zerbait hobea lortuko bagenu beharko genukeela parke hori asko handitu, azpiegitura indartsu eta handi bat sortu. Horretarako behar duguna da inbertsio edo finantzaketa gaitasun askoz handiagoa sektore publikotik»
Analisiari «aberastasunaren banaketa injustua» ere gehitu beharko litzatekela dio Astigarragak: «etxebizitza dutenek etxebizitza berria eskuratzeko gero eta gaitasun handiagoa daukate; eta etxebizitzarik ez dutenek ez daukate inolako sarbiderik». Horregatik uste du ez dela bakarrik eskaintza arazo bat etxebizitzaren inguruan dagoena, eskaintzaren nolakotasunari erreparatzeko beharra ere azpimarratu du.
Argi du lege proposamen berriak «etxebizitzaren negozioa egiten duten horien negozioa» bermatzen duela, etxebizitzarako eskubidea bermatu beharrean. «Etxebizitzak egiten direnean legeak etxebizitza babestuak egiteko kopuru minimo bat ezartzen du. Lege honen bitartez kopuru minimo hori jaitsi nahi dute %75etik %60ra. Horrek ekarriko luke etxebizitza babestu gutxiago egitea eta merkatu etxebizitza gehiago egitea eta, finean, sustatzaile pribatu horien errentagarritasuna hobetu edo handituko du».
Lursorua esku pribatuetan
Lursorua gakoa da etxebizitzaren eraikuntzan. Kontua da, Xabier Astigarragak azaldu duenez, «lursoruaren jabetza, batez ere, esku pribatuetan dagoela». Lege proposamena «sustatzaile pribatuen interesei jarraituz eta beraien presioaren eraginez» egin dela uste du EH Bilduk.
Horren aurrean zer egin daitekeen? Astigarragak azaldu du legeak berak ematen dituela aukerak. «Etxebizitzak eraikitzeko planifikatuta dagoen lursoru baten jabetza, erabat lotuta dago beharrizan batzuekin: etxebizitzak eraikitzea, eta gainera, epe batzuen barruan eraikitzea. Hori ez da betetzen normalean. Horren aurrean uste dugu sektore publikoak interbenitu egin beharko lukeela eta larrialdi egoera batean hori interes publikoagatik justifikatuta dagoela».
Baina horretarako, «borondate poltikoa» behar dela azpimarratu du. Eta, bestalde, finantzaketa gaitasun oso handia behar dela. Horretara dator, beraz, EH Bilduk egin berri duen proposamen: 3.000.000 euroko funts publikoa sortzea.