«Herri zaintzaile bat zer den definitzeko beharra ikusten genuen»
Zaintzak «gure herriak egituratzeko ardatz» izan behar duela sinetsita, 'Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak' liburuxka sortu dute Udalbiltzak, Emaginek eta aditu talde batek. Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak ekarri ditu gako nagusiak Naiz Irratira.
Este navegador no soporta el elemento audio.
2036rako 65 urtetik gorako pertsonak populazioaren %26 eta %30 artean izango dira Euskal Herrian, lurraldearen arabera. Arazo baino, erronka gisa ikusten dute udalerri askotan, (eta hauek ehuntzen dituzten eragile sozialetan), beti ere, premiaz heltzen bazaio aferari eta zaintza eskubide gisa aitortzen bada, ez orain arte bezala, kapitalarentzako lehentasunezko sektore ekonomiko bat bezala. Paradigma aldaketa horri laguntzeko, 'Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak', zaintza sistema birdefinitzeko liburuxka argitaratu dute Udalbiltza Euskal Herriko Udalerrien partzuergoak eta Emagin elkarte feministak, aditu talde batekin elkarlanean.
Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidearen arabera, «ikusten genuen beharra herri zaintzaile bat zer den definitzeko, marko politiko bat ezartzeko». Zaintza eredua aldatzeko beharraz galdetuta, gutxi batzuen mesedetan eta gizartearen gehiengoaren kalterako den sistema erreproduzitzeari uzteko beharra aipatu du Solabarrietak: «Zaintzak emateko dugun moduak gaur egungo eskaerari ez dio erantzuten. Etorkizunean benetan herri estrategiak osatu eta martxan jarri ezean are gutxiago erantzungo dio datorkigunari. Eta gaur egun gainera daukagun zaintza sistema erabat bidegabea dela esan dezakegu».
Indarrean dagoen sistemak, familiako emakumeen gain uzten du zaintzaren ardura, eta familiatik kanpo, azken urteetan bereziki emakume migratzaile eta arrazializatuen lanari esker «sustengatzen da», baldintza ekonomiko eta juridiko «oso prekarioetan». Hortaz, kolektibo jakin batzuen esplotazioan oinarritzen den sistema atzean utzi eta zaintza sozializatzearen alde egin dute, erakunde publikoen zuzeneko babesarekin, zaintza lanak «gure herriak egituratzeko ardatz nagusi bat» izan daitezen.
Zuzeneko zaintzaren sektoreaz harago, ikuspegi integralago batetik jardutera deitzen duen liburuxkak, interpelazio bat suposatzen du. «Euskal Herri aske eta burujabe helburu badaukagu, bistan da ezin ditugu zaintzak eskaini inoren esplotazioaren kargura, emakumeen esplotazioaren kargura», azaldu du Agurtzane Solabarrietak, «horrek esan nahi du gizonek ere bestelako ardura eta erantzukizun batzuk hartu behar dituztela», gaineratu du.