IRRATIA
Entrevista
Joanes Bakaikoa
Baikoko pilotaria

«Sekulako motibazioa da pilotari onenen artean egotea»

Joanes Bakaikoak igande honetan ekingo dio, estreinakoz, Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketa nagusiari. Etxarri-Aranazkoak Iñaki Artola kanporatuta lortu zuen ligaxkarako txartela. «Txapelketaz disfrutatzeko asmoz», azaldu da nafarra, baina ez da horrekin konformatzen.

Joanes Bakaikoa, Serie Bko Buruz Buruko finala irabazi berri. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Lehen aldiz ariko da Joanes Bakaikoa Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketako A Serieko ligaxkan, eta ez da hori lortzen bakarra, Larrazabal eta Zabala ere estrainekoz ariko direlako maila nagusiko txapelketan. «Albiste pozgarria» dela azaldu du etxarri-aranazkoak aurpegi berriak maila nagusian tokia egiten ikustea.

Nafarrak Iñaki Artola kanporatu zuen final-zortzirenetako kanporaketan, non eta Alegian, bertako semearen aurka. Iazko Binakako eta Buruz Buruko azpitxapelduna azpiratuta lortu du Bakaikoak ligaxkarako txartela. «Sekulako poza» duela azaldu du, eta «motibazio ikaragarria pilotari onenen artean egotea».

Lortutakoa baloratu nahi duela adierazi du Baikoko pilotariak, ligaxkan jokatuko dituen hiru partidak gozatuz. Hori bai, ez da gozatzearekin konformatzen nafarra, eta «ahalik eta maila onena ematen eta lehiakor izaten» saiatuko da. «Kirola horrelakoa da, beti gehiago nahi izaten da, zerbait lortzen denean hurrengo pausoaren bila joan», dio.

Ligaxkarako txartela lortu, eta nola gainera! Iñaki Artola bezalako pilotari bati, Buruz Buruko eta Binakako txapeldunordeari irabazita, non eta bere etxean, Alegian.

Bai, bai, oso polita. Egia esan, banekien aurkari guztiak oso zailak zirela, baina Artola zer esanik ez. Gaur egungo pilotaririk onenetarikoa da eta berari Alegian irabaztea niretzat poz ikaragarria izan zen.

Etxean jokatzeak esango zenuke on egiten diola pilotariari edo presio gehiago ekartzen al dio?

Asko hitz egiten da horri buruz eta norberari ezberdin afektatuko dio, baina niri ez zait iruditzen aldea edo aurkakoa denik. Etxarri-Aranatzen, herrian, jokatu izan dudanean, ez diot garrantzia berezirik eman eta bere herrian jokatu nuenean ere, garrantzirik ez. Egia esan, bere inguruko jende asko zegoen animatzen, oso giro polita zegoen, baina gero kantxan biontzat berdin izan zen.

Orain goi-mailako hiru partidaz gozatzeko aukera izango duzu. Suposatzen dut pozik egoteko moduko albistea izango dela zuretzat.

Bai, bai. Kristoren poza eta Kristoren motibazioa pilotari onenen artean egotea. Egia esan, nire lehenengo helburua bete dut; hemen sartzea zen, eta hau lortuta, gozatzen saiatuko naiz eta ahalik eta mailarik hoberena ematen.

Hala ere, bat horrekin bakarrik ez da konformatuko...

Ez, dudarik gabe. Kirola horrelakoa da: beti gehiago nahi izaten da eta zerbait lortzen denean, hurrengo pausoaren bila joaten gara denok. Oso pozik nago, hau baloratu nahi dut; ez dut hori ukatuko, baina orain hemen egonda, saiatuko naiz nire maila ematen eta lehiakor izaten.

Iaz Serie B-ko Lau eta Erdiko txapeldun eta Buruz Buruko txapeldun... Denboraldi bikaina osatu zenuen, bakarka behintzat. Badirudi lanak bere fruituak ematen ari dela.

Nik beti esaten dut egunerokoan zentratzen saiatzen naizela. Izan ditut bolada batzuk non oso ondo sentitu naizen baina gauza batengatik edo bestearengatik txapelketa ofizialetan ez ditut hain emaitza on lortu, eta aurten alderantziz. Azkenean, momentu klabe horietan ongi atera zaizkit gauzak eta, egia esan, oso pozik egin dudan urtearekin. Eguneroko lanaren fruitua da eta horrela jarraitu nahi dut.

Iaz Lau eta Erdikoan Larrazabalen aurka irabazi zenuen finala. Bera ere izango da ligaxkan, Buruz Burukoan ere oso maila onean aritu zen. Zabalak ere lortu du ligaxkarako txartela... Aurpegi berriak bere tokia egiten doaz maila gorenean.

Bai, hala da. Egia esan, pozgarria da. Hiru pilotarik jokatuko dugu lehenengo aldiz ligaxka, Larrazabalek, Zabalak eta nik, eta uste dut pozgarria dela hori. Ikusiko da zer pasatzen den, baina oso pozik.

Zabala bera izango duzu multzoan eta beraren aurka emango diozu hasiera ligaxkari gaur bertan, Lekunberriko pilotalekuan. Zer nolako partida aurreikusten duzu?

Maila honetan, oso gogorra. Aurkari guztiak oso gogorrak dira eta nire taldea esan beharrik ez dago: Peña eta Zabala aurtengo San Ferminetako finalistak dira biak. Eta Jokin, zer esanik ez. Dagoen izarrik handiena da. Zabala oso pilotari esplosiboa da eta oso partida gogorra izango dudala badakit.

Jakinda Zabalaren ondoren Peña II.a eta Altuna III.aren aurka lehiatu beharko duzula, lehenengo partida hau are garrantzitsuagoa al da? Puntua atera beharreko sentsazioa al duzu?

Ez dut ahaztu nahi lortu dudanaz eta gozatzera atera nahi dut. Horrekin batera, zuk esan duzuna ere egia da. Jakinda gero zer nolako bi pilotari puska dauden, txapelketari begira garrantzia handiko partida ere badela badakit eta nahi dudana da gozatu, baina aldi berean lehiakor izan eta irabaztea lortuko banu, Kristorena izango litzateke. Horretara saiatuko naiz, jakinda zaila dela, baina horretan saiatuko naiz.

Zaila bai, baina posible dela jakinda.

Bai, zalantzarik gabe. Buruz Buru eta Lau eta Erdian gaur egun oso azkar jokatzen da eta sakearekin min asko egiten diogu elkarri. Aukerak izango ditudala badakit; momentu zailak ere bai, baina nire aukerak ere izango ditut eta horiek baliatzen saiatuko naiz.

Sakea aipatu duzula, aldaketatxo batzuk izan dira aurten: sakea lau eta erditik, material aukeraketa partidaren egunean bertan egingo da eta ez bezperan... Nola ikusten dituzu bi aldaketa hauek eta zenbaterainoko eragina izango dutela uste duzu?

Sakearen eragina lau eta erdian pixka bat nabaritzen da. Nik uste dut sakatzaileentzat pixka bat deserosoagoa izan daitekeela lautik min handiagoa egiten delako. Baina dena moldatzea da; entrenatuz gero, sentsazio normala hartzen dira, hasieran pixka bat arraro egiten den arren. Eta pilota aukeraketetan, ni ez naiz askotan egon eta niretzat berria izan da hau ere. Arazorik gabe, ez nioke garrantziarik emango eta, nire kasuan, aldaketa ez da gehiegi nabaritu.