«Uste dugu EAJ-k erabaki behar duela behingoz zer den egin behar duena»
Lehendakariak esandakoekin «kezkatuta» atera zen ikasturte politiko berriko lehen osoko bilkuratik Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkidea. «Prest zaudete benetan PPrekin aurrekontuak adosteko?», galdetu die Rodriguezek Lakuako Gobernuko bazkide EAJ eta PSEri.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Udako etenaldi luzearen ostean, bueltan da jarduera parlamentarioa Eusko Legebiltzarrean. Ikusmira handia eragin zuen pasa den osteguneko osoko bilkuran, Pradales lehendakariak esan zezakeena. Bada, Imanol Pradalesen bi hitzartze zeharo ezberdin eta kontraesankor izan ziren, bai eduki baita formetan ere, Arkaitz Rodriguez EH Bilduko ekintza politikoaren idazkari eta parlamentariak NAIZ Irratian adierazi duenez. «Uste dugu EAJk erabaki behar duela behingoz zer den egin behar duena».
Izan ere, baikortasunetik, nolabaiteko etsipenera igaro ziren ordu gutxian koalizio abertzalearen talde parlamentarioan. Rodriguezek gogora ekarri duenez, «garai ilunak etor daitezkeela» ohartarazi zuen Pradalesek goizean, eskuin muturra edukitzen ari den zabalpenari erreferentzia eginez. Iragarpen horretan «ados» daudela, eta herri bezala elkarrekin jarduteko eskua luzatuta dutela berretsi du Rodriguezek. Baina euskal gizarteak politika eta komunitatea egiteko moduetan aldaketa sakonak egin behar direla ondorioztatu ostean, arratsaldean, orain arte egindako bidearen defentsa egin zuen lehendakariak, baita jarraipena iragarri ere. «Inkoherentzia izugarria», sumatu zuen Rodriguezek Pradalesen bi diskurtsoetan, «eta askotan esan dugu, ez da posible arazoei soluzioa ematea, arazo horiek sortu dituzten politikekin».
Bi ikuspegi zeharo ezberdin horien ondorioz, «kezkatuta» irten ziren Ganberatik EH Bilduko parlamentariak, baina benetako larrigarria Rodriguezentzat, Gobernuko bazkideek espainiar eskuinarekin harremanak estutzeari ateak zabalik utzi izana da, aurrekontu eztabaida tarteko. «Ez da bateragarria», EH Bilduko parlamentariaren ustez, goizean herri erronkak aipatu eta arratsaldean PPrekin harremanak estutzeko prest egotea. Testuinguru honetan galdera zuzena da egiten duena: «Prest zaudete benetan PPrekin aurrekontuak adosteko?».
Lehendakariak aipatu zuen agertoki ilun hori, Estatuan PP eta VOXen gobernu batekin gauzatu daitekeela-eta, egoera horrek, «gure autogobernuaren, instituzioen eta identitatearen aurkako mehatxu» zuzena izango litzatekeela ohartarazi die Rodriguezek EAJ eta PSEri. «Ezkerreko subiranismoa gobernuetatik baztertzeko», Gasteizen, Durangon eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan PPren aldetik jaso izan duten babesa gogora ekarriz, herri helburuak, alderdikerien gainetik jartzeko eskatu die bi alderdiei; bereziki jeltzaleei.
Palestinarekiko elkartasuna
Gazako palestinarrak Israelgo Estatuaren aldetik jasaten ari diren genozidioa presente egon zen noski, ikasturte politikoko lehen osoko bilkuran. Minutu bateko isilunea egin zen, eta Benjamin Netanyahuren Israelgo Gobernua salatu zuen lehendakariak. Arkaitz Rodriguezen arabera, «hitzak ongi daude zalantzarik gabe, baina dagoeneko ez dira aski», erakunde eta enpresei deituz Israeli benetan min egingo dieten neurriak martxan jartzera, «Hego Afrikarekin egin zen bezalaxe».
«Egin beharrekoa da gutxi-asko, aste honetan bertan EHUk iragarri duena», Rodriguezek azaldu duenez, «harreman komertzialak eten, Israel isolatu eta presio handiena egin».
Txiki eta Otaegiz
Irailaren 27an 50 urte beteko dira, Jon Paredes 'Txiki' eta Angel Otaegi ETAko militanteak fusilatu zituztenetik, FRAP erakundeko beste hiru kiderekin batera. Urteurren honek eta bi militanteen memoriarekiko errebisionismoak markatu du giro politikoa udan zehar. Azken atala bien memoria jasotzen duen 1975 urteko gertakariei buruzko erakusketa bati, Zarauzko eraikin publikoak erabiltzeko udalak jarritako betoa izan da. Erabaki «oso larria» dela esatearekin batera, bere irakurketa plazaratu du EH Bilduko Arkaitz Rodriguezek: «Txiki eta Otaegi deslegitimatuta, deslegitimatzen ari dira erresistentzia antifaxista guztiak, deslegitimatzen ari dira erresistentzia antifrankista bera. Eta modu horretan, oharkabean pentsatu nahi dut, frankismoa zuritu eta erosten ari dira». Azkenean EH Bilduren Zarauzko egoitzan eskainiko da aipatu erakusketa.