IRRATIA

«Irlanda eta Hego Afrikan hemen gertatu ez zen bake prozesuak eman ziren»

'Ezin da gehiago luzatu' lelopean urriaren 18rako deitu duten II. Konferentziari buruz gehiago jakiteko, Naiz Irratiaren galderei erantzun die Sareko Beñat Uribe-Etxeberriak. Kanpoko esperientziei begiratuz, dirauten euskal gatazkaren ondorioei aurre egiteko «bide orria» zehaztea espero dute. 

Beñat Uribe-Etxeberria Sareko bozeramailea, udan Donostian egindako agerraldi batean. (Jagoba Manterola | Foku)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Gatazka politikoaren erresoluzioa, bakea eta bizikidetza helburu, Sarek II. Konferentzia antolatuko du Donostiako Kursaalen urriaren 18an nazioarteko adituekin, 'Ezin da gehiago luzatu' lelopean. Bertan, gatazkak konpontzeko hainbat eredu aztertuko dira, Beñat Uribe-Etxeberria Sareko bozeramaileak aurreratu duenez, «Irlanda eta Hego Afrikan hemen gertatu ez ziren bake prozesuak eman ziren». Uribe-Etxeberriaren arabera, jarrera eraikitzaile eta kritikoarekin, «urratsak emateko asmoz» antolatu dute Sareren II. Konferentzia hau, «hurrengo hilabeteetako bide orria markatuko duten zenbait puntu klabe» zehaztu ahal izateko. 

Lehenengo konferentziaren hausnarketa nagusiei bide eman nahi diete bigarrenean, kasu honetan begirada zabalduz eta gatazkak bizi izan dituzten beste herrialde batzuetako esperientziei erreparatuz. Horien artean, Michael Culbertek hartuko du hitza, IRAko kide ohia, zeina urte luzez preso egon zen. Gaur egun, 25.000 preso errepublikano ohi biltzen dituen erakunde bateko zuzendaria da. Culbertekin batera, Roelf Meyer hegoafrikarrak ere parte hartuko du. Nelson Mandelaren gobernuko lehen ministro zuria izan zen, eta bere herrialdeko apartheid-aren amaieraren sustatzaile nagusietako bat izan zen. 

Haiekin batera, Olatz Iglesias Mujika, euskal presoen alaba, Carlos Martin Beristain, Latinoamerikako hainbat gatazkatan parte hartu duen mediku eta psikologian doktorea, Paco Etxeberria antropologo forentsea eta Maria Jauregi ETAren biktima egongo dira.