IRRATIA

«Hizkuntza politikan jauzi berri bat» ematea du helburu EEPko zuzendari berriak

«Irakaskuntza arloan» eta «helduen euskalduntzean», datozen urteetan «indar berezia» egitea egongo da Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berriaren lehentasunen artean. Christophe Betbederrek euskal komunitate eta erakundeen arteko zubi-lana egiteko konpromisoa du. 

Titto Betbeder, Irrati Libreen Sindikatu Nazionaleko artxiboko irudi batean. (SNRL)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Christophe 'Titto' Betbeder da Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berria. Zuzendaritza berriak jarduera zabaldu eta dinamika berria sustatzeko ardura izango du, azken urteetan izandako urrats eta lorpenak sendotzearekin batera. 20 urte dira EEP sortu zenetik eta ezinbesteko izan da Ipar Euskal Herriko eragile euskaltzaleen sostenguan. Erronka berriak sortu dira ordea, eta «hizkuntza politikan jauzi berri bat» ematearena da zuzendaritza berriaren proposamena. «Geldialdi batean gaudela nabari da», ohartarazi du Betbederrek. 

Elkarrizketaren bitartez, urratsak ematen jarraitzearen aldeko «aterabideak» eskaini nahi dituzte, baina horretarako gaitasun ekonomikoa behar da. Hori dela-eta aurrekontua handitzea da epe motzeko helburuetako bat, epe luzekoei lehenbailehen heldu ahal izateko.

Paradoxikoa baita Lapurdin, Baxenafarroan eta Xiberoan eman den garapen soziolinguistikoa. Gora egin du euskaldunen kopuruak, euskaraz matrikulatzen diren haurrek bezala. Euskal hiztunen portzentajeak ordea, behera egin du, Frantziar Estatutik ematen ari den frantses hiztunen migrazioaren ondorioz. Fenomeno honen aurrean, «bi adar» ditu EEPn proposatzen duten proposamenak: emaitza positiboak zaindu eta euskal komunitatea handitzeko bideak jorratu. «Irakaskuntza arloan baita helduen euskalduntzean ere, hor badugu erronka handi bat. Denek argi dute helduen euskalduntzearen inguruan behar dela indar berezi bat eman epe laburrean», azaldu du Christophe Betbeder EEPko zuzendariak.