IRRATIA

«Herri bat beste bat suntsitzen ari denean ez da zilegi kirol frogak erabiltzea hori zuritzeko»

Nafarroako Vueltaren etapan bezala, Bizkaian ere Israel Premier taldearen parte hartzea salatzera deitu dute hainbat eragilek. Patxi Gaztelumendi Gu ere bai! plataformako kidearen esanetan, «argi dago zalegoa bere iritzia ematen ari dela eta emango duela». 

Patxi Gaztelumendi Gu ere bai! taldeko kidea, Naizen Bilboko estudioan. (Naiz Irratia)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Aurtengo Espainiako Vueltan agerian gelditzen ari da, palestinar herriarekiko babesa eta jasaten ari genozidioarekiko salaketa oso zabalduta dagoela estatuan. Salaketa hori biderkatu da Euskal Herrian sartzearekin bat, Palestinako banderek (ikurrin eta Nafarroako katedunekin batera) hartu zituzten Argedas eta Belagua arteko bide bazterrak. Kolore bera hartuko dute Bizkaiko errepideek asteazken honetan Bilbon hasi eta bukatuko den etapan. Babesgabe dagoen herri oso bat bonben azpian edo gosez hiltzea ez da normala eta ondorioz ezin da normaltzat hartu Israel Premier Tech taldearen presentzia kirol proba horretan. «Herri bat beste bat suntsitzen ari denean ez da zilegi kirol frogak erabiltzea hori zuritzeko», azaldu du Patxi Gaztelumendi Gu ere bai! plataformako kideak. 

Jendea ez da ari protestan txirrindulariak izorratzeko ezta kirol proba oztopatzeko ere. Gaztelumendiren arabera, «argi dago zalegoa bere iritzia ematen ari dela eta emango duela», bidezkoa iruditzen ez zaion egoera baten aurrean. Modan dagoen anglizismo horietako bat errepikatuz, Sportwashing hitza agertu da hedabideotan azken egunetan; kirolaren bidezko zuriketa bezala itzul daitekeena. Ez da hau egiten duen bakarra, baina ziur asko Israelgo Estatua da Sportwashing-aren ikur nagusia gaur egun. «Israelek baliatzen du aukera oro bere burua zuritzeko, kasu honetan txirrindularitza baliatzen du. Handiki aberats batek finantzatutako estatu egitura bat da Israel Premier Tech taldea. Eta Israelek bere logika zapaltzaile horretan mundu osoari erakutsi nahi dio bere potentzia. Potentzia hori armekin eta bonbekin erakusten du bere inguruko herrialdeen artean. Hemen diruz eta botere ekonomikoz; kasu honetan kirola erabiltzen du horren erakusgarri gisa», azaldu du Gu ere bai! plataformako Patxi Gaztelumendik.