IRRATIA

«Guraso bezala adorea atera behar da eta konturatu agian zure seme-alaba jazartzailea dela»

Adore izeneko proiektua sortu du Irati Galardi Lizarragak. Bullying-ari aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie irakasle eta ikastetxeei, baina baita gizarteari orokorrean ere, «denok dugulako halako historiaren bat inguruan, gure ezagunen bat erasotzaile izan delako edo erasotua izan delako».

Este navegador no soporta el elemento audio.


Gaur hasi da ikasturte berria Euskal Herrian; iraila hastearekin bat, milaka ikasle itzuli dira Ipar Euskal Herrian ikasgeletara. Hego Euskal Herrian aldiz, 4tik 8rako epealdian hasiko dira itzultzen. Ilusioz betetako garaia izango da batzuentzat, baina beste askorentzat, antsietate eta ondoezaren iturri izango da itzulera.

«Ez badakizu ondo zer egin, behintzat, kontatu, hortik hasten direlako eraikuntzak». Horixe da Irati Galardi Lizarragak ematen duen aholkurik garrantzitsuena. Adore proiektuarekin, eskola-jazarpenari modu eraikitzailean aurre egiteko hitzaldi eta formakuntzak eskaintzen ditu zarauztarrak. Ondo daki zeri buruz ari den, bederatzi urterekin hasi baitzen jazarpena jasaten, eta hamabi zituenean, gurasoek herriz aldatzea erabaki zuten. «Niri familiako kideek ateak ireki zizkidaten eta kontatu egin nuen; loratzeko aukera eman zidaten» esan digu.

«Adore proiektuaren helburua izenak dioen bezala adorea ateratzea da, eta guraso bezala adorea atera behar da eta konturatu eta onartu agian zure seme-alaba jazartzailea dela, edo ikuslea dela». Ez da erraza, eta horregatik komunikatzeko moduan jartzen du arreta Galardik. «Eragin handia du nola komunikatzen dugun eta nik gurasoei aipatzen diet beraien haurra ez dela pertsona txarra, jarrera txarrak dituela baizik».

Bigarren Kafean luze eta zabal aritu gara Irati Galardi Lizarragarekin.