Este navegador no soporta el elemento video.
Lesakako Onin ibaiaren bazterrean izan da Kosta ala kosta saioaren 2. denboraldiko estreinakoa
Gaupaseroak oraindik ere kaleetan zirela iritsi dira Ion Garate eta Iker Gurrutxaga NAIZ Irratiko kazetariak Lesakara. Gosaldu, dena atondu eta bi orduz herritarrekin hitz eta pitz aritu gara.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Estaldura arazoak eta halakoak izan ditugun arren, Izarra okindegiko Mertxek goxo hartu gaitu bere dendaren atarian. Gaupasaz zirenekin ere elkartu gara Lesakako kaleetan eta Orozkotik ‘Zubigainekoa’ ikustera iritsi den kuadrilla batekin ere elkartu gara.
Ladis Satrustegi alkateak festak lasai ederrean doazela kontatu digu, bezperako egunak bestondorik ez diola utzi gaineratuta. Halatsu agertu zaizkigu Mikel Mutuberria eta Amaia Telletxea danborradetako zuzendariak. Atzokoan, Telletxea izan zen zuzendari eta Mutuberria danborra jotzen. Bihar, berriz, Peñen eguna dela-eta, bestearen tokian jarriko dira bata zein bestea; Mutuberria zuzendari eta Telletxea danborra joz.
Bukatzeko, Gaizka Sarasola ere gerturatu zaigu irrati set-era. Sarasola Lesakako Txistulari Bandako zuzendaria da eta San Fermin egunez protagonismo berezia hartzen du bandak. Izan ere ezpata-dantzariei musika jartzen diete bai goizeko ibilaldian eta baita Onin ibaiaren zubiaren gainean egiten duten dantzan ere. Lesakako ikur den dantzan.
Horrela izan da estreinakoa, bigarren eguna, berriz, Gernikan emango du Kosta ala kosta saioak. Ea zer kontu ekartzen dituzten gernikarrek 9:00etatik 11:00etara!