Tourra, Kosta ala Kosta eta musika jaialdiak protagonista, NAIZ Irratiaren udako eskaintzan
Iruñeko txupinazoarekin jarriko du martxan NAIZ Irratiak udako programazio berezia. Kosta ala Kosta magazina festarik festa ibiliko da aurten eta Tourra izango da uztaileko arratsaldetako protagonista.
Hiri buruzagian 12.00ak direnean urte berri bat abiatuko da Iruñean eta horren eskutik ekingo dio NAIZ Irratiak ere udako programazio berriari. Lehen hitzordua Sanferminetako txupinazoa bera izango da, ondoren Sanferminen egunerokoa osatuko du Aritz Santamariak. Egunero jaietako gai edo elementu bati helduta Sanferminen funtsa ezagutzeko bidaia izango da (zuzenean 7.45ean eta ondoren podcast plataformetan eta irratia.naiz.eus webgunean).
Astelehenetik aurrera irratiko ordu-tarte nagusietan aldaketak izango dira. Informazioaren Hariak ordutegi murriztuan egingo dira uda giroko eskaintza indartzeko helburuz. Hartara, 9.00tatik 11.00tara Kosta ala Kosta magazinak hartuko du lekukoa egunero. Iker Gurrutxaga, Ion Garate eta Iraia Cambra herriz herri ariko dira aurten ere, festen egutegiari segiz. Lehen hitzordua Lesakan eman dute Sanfermin egunez, hortik aurrera Euskal Herri guztia zeharkatuko dute egunez egun Hatortxu Rocken amaitzeko ibilbidea.
Musika jaialdiek protagonismo berezia izango dute NAIZ Irratiaren udako programazioan. EHZ izan da lehen hitzordua, bertatik eskaini zen Zebrabidea magazinaren denboraldi honetako azken saioa pasa den ostiralean. Hatortxu Rock izango da hurrengo hitzordua; bertan amaituko du Euskal Herriko zeharkaldia Kosta ala Kosta saioak eta hiru egunez NAIZ gunean eskaintza oparoa izango da, tartean ‘Miseriak’ saio berezian estrainekoa ere bai. Gainera, NAIZ: MUSIKAk ere presentzia berezia izango du Hatortxun, jaialdiaren irratia izango da, programazio berezi batekin. EHZ eta Hatortxuren artean BBK Live jaialdian ere sartu-irtena egingo du NAIZ Irratiak, honen berri zuzenean emanez eta euskal artisten eskutik Bilboko jaialdi garrantzitsu honen ingurukoak jasoz.
Kirola bidelagun
Udarekin batera etorri ohi direnen artean ez du kale egingo aurten ere Tourraren jarraipen bereziak. Kinieletan ez dira izen gehiegi ageri, bakarra nagusi, baina ziurtatua dago aurten ere ikuskizuna txirrindularitzaren urteko hitzordu nagusian. Uztailaren 5ean, larunbatean, hasita, egunero etaparen une garrantzitsuenak NAIZ Irratian jarraitu ahalko dira Iñigo Asensio eta Julen Goikoetxearen eskutik eta hamaika aditu eta arituren analisiarekin. Uztailaren 27 arte iraungo du gizonezkoen probak; bezperan, hilaren 26an, abiatuko da emakumezkoena eta abuztuaren 3an izango da azken etapa. Dena zuzenean jarraitu ahalko da NAIZ Irratian.
Kontxako banderaren bi asteburuen zuzeneko emankizunarekin amaituko da udako programazio berezia eta egutegian gurutzatuta irailaren 1ean abiatuko du NAIZ Irratiak 2025/26 denboraldi berria.