IRRATIA
Entrevista
Ion Fontenla
'Naturzaindia' elkarteko kidea

«Saguzarrak izurriteen kontrako metodo aproposak dira»

'Gipuzkoako Kiropteroen Atlasa' argitaratu berri du Naturzaindia elkarteak. 1985ean EAEn egin zen ornodun faunaren lehen inbentarioak ez zuen talde hau aintzat hartu. Zorrak kitatu aldera, eta sei urtez ikertu ondoren, 25 saguzar-espezieren presentzia dokumentatu dute. 

Ion Fontenla, ikerlaria eta 'Naturzaindia' elkarteko kidea (Ion Fontenla, )

Nondik sortu zen atlas hau egiteko ideia?

Naturzaindian duela 10 bat urte hasi ginen saguzarrekin lanean. Aurrez, 90 hamarkadan EHUk atlas batzuk argitaratu zituen eta, ordutik, informazioa eguneratu gabe zegoen. Gainera, teknologia aurrerapenak izan dira saguzarrak ikertzeko eta uste dugu informazio berri asko lortu dugula. Honakoa, inoiz bukatzen ez den lana da, baina, argitalpen bat egiteko aukera suertatu zaigunez, orain egitea erabaki dugu.

Espezie asko al daude Gipuzkoan?

Bai. Euskal Herrian 27 espezie ditugula uste dugu, pare bat dira alturan daudenak, Pirinio inguruetan eta gainontzeko hogeita bostak topatu ditugu. Egia da batzuk oso ugariak direla eta ia edozein lekutan topa daitezkeela eta, beste batzuk topatzeko modua izan dela zita konkreturen bat topatzea mendian, natur parkeren baten gainaldean.

Mito bat da, beraz, kobazulotan bizi direla?

Espezieen arabera doa dena. Batzuk urtearen parte handi bat kobazuloetan pasatzen dute eta, urte-sasoi honetan, baserrietako ganbaretara mugitzen dira. Baina kobazuloetatik kanpo ikustea ere posible da.

Nola identifikatzen dituzue?

Hiru metodologia nagusi ditugu: batetik, neguan kobazuloetara joan eta kontatu egiten ditugu; bestetik, badakigu ultrauhinen bidez komunikatzen direla eta ingurua ezagutzeko uhin horiek erabiltzen dituztela. Aparailu berezi batzuekin jasotzen ditugu ultrauhinak eta, frekuentziaren arabera,espeziea identifikatzen; azkenik, sare kiropterologikoak jartzearen metodoa dugu. Hori ultrauhinen bidezkoaren osagarri ona da. Saguzar batzuen deiaren frekuentzia bat dator, beraz, zaila da jakitea zehazki zer espezierena den. Hori dela eta, teknika honekin baieztatu daiteke.  

Saguzarrak ez dira, popularki behintzat, oso aintzat hartutako animaliak izan. Hala ere, azken urtetan beren garrantzia ekologikoa azpimarratzen duten lan gehiago atera dira. Natur kontserbaziorako, zergatik dira garrantzitsuak saguzarrak?

Biodibertsitateko elementu bakoitza da oso garrantzitsua, bakoitzak betetzen du bere funtzioa. Hemen ditugun saguzar guztiak intsektujaleak dira, beraz, hirietan, giza osasunean eragin zuzena dute. Eltxoak jaten pasatzen dute gaua, gauero 1.000 eltxotik gora jan ditzakeelarik. Bestalde, lehen sektorean, nekazaritzan, izurriteen aurkako metodo aproposa da. Nafarroan badira nekazariak soroetan kutxak jartzen dituztenak eta abeltzaintzan ere gero eta gehiago ikusten da. Badakigu behiek duten gaixotasun hemorragiko epizootikoa eltxo batek sortzen duela eta saguzarrak, kate trofikoan duten lekuagatik, mesedegarriak direla eltxo horren aurka. Biodibertsitateko gainerako guztiak bezala, babestu beharra dago.

Etxolak aipatu dituzu. Nolakoak?

Espezieen arabera aldatzen da baina, oro har, zementuzkoak izaten dira aproposenak. Egurrezkoetan baino lehenago sartzen dira, seguruenik, ez dutelako egurrarentzako tratamendurik eta ez delako beraientzat hain arrotza. Sarbidearen arabera, handixkoagoa edo txikixeagoa sartuko da.

Zer egoeratan dago saguzarra Gipuzkoan?

Natur ikuspegitik aberatsak diren lekuetan espezie aniztasuna oso handia da. Aldiz, zenbat eta leku antropizatuagoa izan, orduan eta espezie eta ale gutxiago topatuko ditugu. Badakigu Gipuzkoako paisaia zein den: landaketa asko, bertako basoak bai baina gutxi eta bata bestearengandik banatuta eta bioaniztasun gehien Nafarroarekin egiten dugun ertzean dugu, Aiako harria inguruan, Aizkorri, Aralar… Gipuzkoa erdialdean aniztasuna asko jaisten da bizi garen jende kopurua, landaketa eta industrialdeak direla eta.

Zer mehatxu ditu saguzarrak Gipuzkoan?

Mehatxuetako bat negua kobazuloetan pasatzen dutela eta umatzeko garaian kobazuloetara egiten ditugun bisitetan dugun jarrera da, esnatzen baditugu, ziurrenik, hilko direlako. Beste mehatxuetako bat da haize sorgailuena da. Saguzar batzuk zuhaitz artean eta leku baxuetan egiten dute hegan baina, beste batzuk, altura handian hegan egiten dutenak, Myotis handiak, esaterako, airesorgailu horien pala parean. Asko hiltzen dira egiten diren zenbaketetan agertzen ez badira ere. Badira datu estatistikoak Espainiar Estatu zein Europa mailakoak eta kontatuta dago airesorgailuko zenbat hiltzen diren bataz beste.

Espezie oso kalteberak eta galtzeko arriskuan daudenak daude, denak babestuak eta, gure ustez, jarraipen zorrotzagoa egin behar litzateke eta, horrelako proiektu handiak planteatzerakoan, kontuan hartu inguruan duguna, biodibertsitatea batez ere.

Arriskuan badaude, berreskuratze plan egokiak egongo dira.

Egon beharko lirateke. Gipuzkoako Aldundiak esan du urte amaierarako egongo direla eta hala espero dugu, hemen ditugun 25 espezieak baitaude babestuta.