Adi eta Ari | Hitzegia aberastu!
[2X21] Ikasgai honetan, urtu, izoztu, sutu eta harritu hitzak landuko ditugu.
Este navegador no soporta el elemento audio.
NEREA:
Kaixo, Ander.
ANDER:
Egun on, Nerea.
NEREA:
Anariren azkenekoa erosi al duzu?
ANDER:
Disko berria egin du? Nik ez dut ezer entzun!
NEREA:
Anari Alberdi musikaria da, bai, Euskal Herriko ezagunenetakoa. Baina orain liburu bat idatzi du, bere lehenbizikoa. Susa argitaletxeak plazaratu du. ‘Gari eta goroldiozko’ dauka izenburua.
ANDER:
Ez neukan horren berri. Aizu, titulu horrekin... zer da?, poema liburu bat?, edo bere abestietako hitzen bilduma?
NEREA:
Ez, ez. Nobela labur bat da.
ANDER:
Kontxo! Zeri buruzkoa?
NEREA:
Emakumezko heldu baten bidaia kontatzen du. Donostiaren moduko hiri batetik automobilez Nafarroako hegoaldera joango da, familiako baserri batean garbiketa batzuk egitera.
ANDER:
Denbora osoan pertsona horren kontuak dira orduan? Emakumearen pentsamenduak, sentimenduak, oroitzapenak eta burutazioak?
NEREA:
Horixe bera. Kapitulu laburrez osatuta dago nobela. Film baten egitura dauka, nire ustez. Ikusten dituen gauza guztiak deskribatzen ditu. Ikusi egiten da kontakizuna.
ANDER:
Pello Lizarralderen nobelak bezalakoa al da Anarirena?
NEREA:
Tira, bai, badu pixka bat haren kutsua: protagonista bat, bidaia bat, deskribapen xeheak, sakontasun existentziala.
ANDER:
Anariren kantuek ere tonu hori daukate.
ANARI ALBERDI
ANDER:
Berezia da Anari musikaria. Gustatu zait nola bota duen... zera... esaldi ia poetiko hori.
NEREA:
Poetikoa? Zer esan du, ba?
ANDER:
«Denboraren pertzepzioa urtuta daukat».
NEREA:
Orain gogoratu naiz Salvador Dali margolari surrealistaren koadro batean ordulari batzuk urtzen ari direla.
ANDER:
Pertsona batzuek denboraren pertzepzio solidoa daukate; minutuka eta orduka zenbatzen dute denbora, zehaztasunez. Baina denborarengatik ia denok esaten dugu batzuetan oso azkar igarotzen dela, eta beste batzuetan astiro.
NEREA:
Bai, hala da. Ur kontuetara bueltatuz, urtu esaten dugu, solidoa den zerbait beroaren eraginez likido bihurtzen denean.
ANDER:
Gauza solido bat uraren eraginez desegiten denean ere esaten da urtu edo disolbatu.
NEREA:
Horregatik urtu aditzaren sinonimoak izan litezke desegin eta desagertu.
ANDER:
Dirua xahututakoan edo bukatutakoan, nire lagunek esaten dute dirua urtu egin zaigula.
NEREA:
Eta udako beroarengatik edo ariketa gehiegi egiteagatik norbaitek esan dezake: «Urtuta nago!».
ANDER:
Urtu aditza metafora baten antzekoa da. Dirua urtzea da gastatzea eta desagertzea. Baina pertsona bat ere urtu liteke, eguzkitan desegin edo disolbatu egingo balitz bezala. Denbora urtzea irudi polita da, benetan.
ANARI ALBERDI
NEREA:
Lehen zuk botatakoarekin ados nago. Aditz batzuk metaforen modukoak dira.
ANDER:
Ba, begira... urtu bezala, izoztu aditza da horietako bat. Izotza da ur gogortua, ura likidoa izatetik solidoa izatera pasatzen denean. Eta prozesu fisiko horri izoztea deitzen zaio.
NEREA:
Zerbait gogortuta eta geldituta dagoela modu exajeratuan adierazteko erabiltzen dugu izoztu aditza. Adibidez: «Erabakiak izoztuta daude». «Soldatak izoztu dituzte». «Bat-batean izoztu zen denbora».
ZER IKASI DUGU GAUR?
NEREA:
Euskarazko aditz batzuk metaforen antzekoak direla.
ANDER:
Sutu aditza ikaragarri gustatzen zait niri.
NEREA:
Hara! Bai! «Oso haserretuta nago, sututa nago!».
ANDER:
Sutu aditzarekin ematen du suak hartu nauela. Ematen du suzkoa bihurtu naizela.
NEREA:
Sutu bezalaxe erabiltzen da sumindu aditza ere. «Asko-asko berotu da zuk egindako komentarioarekin: sututa joan da».
ANDER:
Harritu aditza ere metafora bikaina da.
NEREA:
Hori bai dela ona! Harritu da ezusteko baten ondorioz geldirik geratzea, harri bat bezain geldi.
ANDER:
Gogortuta eta mugimendurik gabe geratzen bazara, harri bihurtzen zara.
NEREA:
Zer esan ez dakizula geratuz gero, harrituta zaude. Izan ere, hitzik gabe... harri bat zara.
ANDER:
Ze politak diren euskarazko aditzak!