Adi eta Ari | Gabe partikula
[2X9] Ikasgai honetan 'gabe' partikula landu dugu. Aditz baten edo izen baten atzean erantsita, hitz asko osatzen ditugu. Baina horietatik oso gutxi dira adberbioak.
Este navegador no soporta el elemento audio.
NEREA:
Kaixo, Ander.
ANDER:
Zer moduz, Nerea?
NEREA:
Pixka bat haserre nago.
ANDER:
Zer gertatu zaizu ba?
NEREA:
Oraindik ez zait niri gertatu. Baina jakin dut euskal irratietako eta telebistetako tertulietan parte hartzen duten emakumezkoak disgustura dabiltzala.
ANDER:
Bueno... badakizu halako solasaldiak bihurtzen direla ideien lehia bat edo norgehiagoka bat. Eta pilota partidetan bezala, irabazi edo galdu moldeko egoerak izaten dira sarritan.
NEREA:
Tertulietan emakumeei ahotsa zapaltzea edo moztea, gizonek emakumezkoen iritzia gutxiestea, emakumeak aldakorrak baina gizonak finkoak kontsideratzea... Tira, zer nahi duzu esatea. Hori era sistematikoan gertatzea jasanezina da.
ANDER:
Zalantzarik gabe, salatu egin behar lukete.
NEREA:
Horixe egin dute hamabi kazetari emakumezkok. Artikulu bat sinatu dute elkarrekin, eta mekanismo maltzurrak salatu dituzte.
ANDER:
Konponbiderik jartzen ez bada, aurki gertatuko da emakumeek solasaldi horietan parte hartu nahi ez izatea.
NEREA:
Dagoeneko gertatzen ari da.
ANDER:
Orduan, tertulien sistema aldatu egin beharko da. Irratian disgustura eta deseroso jarduterik ez dago.
NEREA:
Iraia Oiarzabal eta Estitxu Garai kazetariak errealitate tamalgarri honi buruz mintzatu dira NAIZ Irratian.
AUDIOA-IRAIA OIARZABAL
ANDER:
Etengabean eta modu egituratuan errepikatzen den errealitatea dela adierazi du Iraia Oiarzabal kazetariak.
NEREA:
Etengabean hitzak esan nahi du etenik gabe, atergabe, tai gabe, gelditu gabe, behin eta berriz.
ANDER:
Aditzondo edo adberbio bat da etengabe. Eta modua adierazten du.
NEREA:
Eten aditzaren eta gabe hitzaren elkartzez sortutako adberbioa da.
ANDER:
Ustekabean adberbioa ere horrelaxe osatuta dago. Uste aditza eta gabe partikula. Espero izan gabe esan nahi du, uste ez dugula. Beraz, adberbio hau ere modua adierazten ari da.
NEREA:
Esaldi bat egingo dut: «Ustekabean gutxiespenez ari bazaizkizu eta etengabe hitza kentzen badizute, egoera desatsegina bihurtzen da”.
ANDER:
Aditza eta gabe partikula loturik, ezagutzen ditut hitz batzuk. Adibidez: ezkongabea, ukigabea, argitaragabea, osatugabea.
NEREA:
Bai, baina horiek ez dira adberbioak, adjektiboak baizik. Esatera baterako: albiste argitaragabea edo kronika osatugabea.
ANDER:
Gabe partikularekin hitz asko dauzkagu euskaraz.
NEREA:
Bai, adjektiboak izaten dira. Adibidez: langabea, lotsagabea, burugabea, amaigabea...
ANDER:
Hauek ere bai: errugabea, adingabea, paregabea, arduragabe, mugagabea...
NEREA:
Beraz, oso-oso gutxi dira adberbioak, etengabe, atergabe edo ustekabean bezalakoak.
AUDIOA-ESTITXU GARAI
ANDER:
«Oharkabean pasatzen diren mekanismo maltzurrak», esan du Estitxu Garai kazetari eta ikerlariak.
NEREA:
Hortxe daukazu adberbio bat! Ohartu aditza eta gabe partikularekin osatutako hitza da oharkabe. Gutxi dira era honetako adberbioak, baina hau ere agertu zaigu.
ANDER:
Oharkabean hitzak esan nahi du ohartu gabe edo konturatu gabe.
NEREA:
Konturatu barik, esango lukete bizkaitarrek.
ANDER:
Bai. Itxura guztia du, gaberik hitzetik datorrela bizkaierazko barik hori. Baina, tira, ni ez naiz filologoa, e!
Beraz, zer ikasi dugu gaur?
ANDER:
Gabe partikula aditz baten edo izen baten atzean erantsita, hitz asko osatzen ditugu. Baina horietatik oso gutxi dira adberbioak.
NEREA:
Gogoratuko al dugu zein diren modua adierazten duten adberbio horietako batzuk?
ANDER:
Etengabe gaiztotzen dira irratietako debateak eta solasaldiak.
NEREA:
Edo oharkabean edo berariaz, tertulietan gizonezkoek gutxietsi egiten dituzte emakumezkoen iritziak.
ANDER:
Ez nau ustekabean harrapatu emakumezko kazetarien salaketak. Gizonezkoak askotan mintzatzen gara bortizki.
NEREA:
Atergabe botatzen dizkigute esaldi desegokiak eta asmo txarrekoak.
ANDER:
Halako jarrerak deitoratu egin behar genituzke beti.
NEREA:
Eskerrik asko, Ander. Ikusi arte.