IRRATIA

Adi eta Ari | Bakarrik eta soilik

[3x36] Ikasgai honetan 'bakarrik' eta 'soilik' egoki erabiltzen ikasiko dugu. 

Txotx irekiera Hernanin, 2016an. (Jon URBE | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


ANDER:
Ondo, Nerea!

NEREA:
Bai, ederki!

ANDER:
Txooooooooootx!!!!

NEREA:
Zer ari zara?

ANDER:
Abiatu da txotx garaia eta entrenatzen hasi beharko dugu!

NEREA:
Badakizu hori ez dela inoiz ahazten! Asko gustatzen al zaizu sagardoa?

ANDER:
Ez naiz oso sagardozalea, baina sagardotegietara joatea izugarri gustatzen zait: bertan sortzen den giroa, jende artean, zutik, kupelen inguruan hizketan aritzea, kantuan... Urtean behin joaten saiatzen naiz.

NEREA:
Behin bakarrik?

ANDER:
Ez dira oso merkeak, eta aukera gehiago dagoen arren, nahiago gauza onak dosi txikian hartu!

NEREA:
Ni hiruzpalau aldiz joaten naiz urtero, eta poltsikoak nabari du hori, bai!

ANDER:
Ohitura bihurtu da eta ohitura zaharrei ere eutsi behar zaie.

NEREA:
Ba beste ohitura zahar batzuk eraldatu behar genituzke!

ANDER:
Arrazoi duzu!

NEREA:
Sagardogileek ere eraldatu egin dute euren lan modua: horietako asko, sagardotegien jabe  eta ekoizle ere badira, eta jatetxea ere jarri dute.

ANDER:
Beste merkatu batzuetara jo dute eta.

NEREA:
Horren errentagarritasunaren inguruan galdetu diote Unai Agirreri, Euskal sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileari, jarraian entzungo dugun saioan.

 

AUDIOA  | NAIZ irratiko kazetaria

NEREA:
Kazetariak zera galdetu dio Unairi: «badaude sagardotegi batzuk soilik sagardoa merkaturatzen dutenak...»

ANDER:
Soilik eta bakarrik hitzak baliokideak dira, sinonimoak, baina esaldi horretan ez dugu posizio egokian erabili.

NEREA:
Hala da. Izan ere, bakarrik eta soilik hitzak dagokien elementuaren atzean jarri ohi ditugu; eta, gainera, ondoren aditza izaten dute, galdegaiak baitira.

ANDER:
«Oso zaila da hau guztia nik bakarrik egitea».

NEREA:
«Lasai, ni hemen nago laguntzeko, eta! Ez duzu zuk bakarrik egin beharko!»

ANDER:
«Ikuskizun hori, bihar arte soilik izango da ikusgai Iruñeko Gaiarre antzokian».

NEREA:
«Ziur beste antzokiren batean ikusteko aukera ere izango duzuela, Iruñean bakarrik ez».

ANDER:
Gaurko Unairen elkarrizketara bueltatuz, kazetariak galdetu dionaren inguruan erantzun duena entzun beharko dugu.

NEREA:
Hementxe daukagu!

 

AUDIOA | Unai Agirre

 

ANDER:
Esandakoaren harira, errentagarritasuna ezin da negozio lerro batean soilik lortu. Bi negozio lerro nabarmendu ditu, eta bietan lortu behar omen da errentagarritasuna. Alde batetik, sagardoa ekoiztu eta saltzea, eta beste alde batetik, sagardotegiak edukitzea.

NEREA:
Berak esan duen bezala, «guk nahi duguna da produktua ere errentagarria izatea, jendeak sagardoa egiten jarrai dezan».

ANDER:
Gure sagardogileek urtetan jarraituko dute horretan, seguru.

NEREA:
Ziur nago gainera, berrikuntzaren alde egongo direla beti, eta oraingora bakarrik buruan izan gabe.

ANDER:
Sagardoaz eta sagardotegiez hainbeste hitz egin ondoren, bertara joateko gogoa sartu zait. Beraz, urtean behineko bisita egin beharrean, zurekin ere beste bat egiteko prest nago!

NEREA:
Zure ohiturari uko egingo diozu orduan?

ANDER:
Bai, baina aurretik gogora dezagun gaur ikasitakoa.

NEREA:
Bakarrik eta soilik hitzak, dagokien elementuaren atzean jarriko ditugu.

ANDER:
«Gaur ez naiz gose, eta plater bat bakarrik prestatuko dut bazkaltzeko».

NEREA:

«Aurten 15 egun soilik izango ditut oporretara joateko. Beraz, ondo antolatu beharko ditut».

ANDER:
«15 egun bakarrik diozu? Askok hori ere ez dute izaten».

NEREA:
Dena antolatzen hasi beharko dut, orduan. Beraz, hementxe utziko zaitut!

ANDER:
Esatari bat bakarrik ez da ona, ez nazazu bakarrik utzi!

NEREA:
Entzuleak hortxe daude!

ANDER:
Baina ez ditut ikusten!

NEREA:
Tira, elkarrekin agurtuko dugu orduan saioa!

ANDER/NEREA:
Agur, eta izan ongi!