'Adi eta Ari' podcast berriaren aurkezpenean, Legazpi 6 euskaltegiko ikasleen bisita jaso dugu
Astelehen honetan estreinatuko da NAIZ Irratian 'Adi eta Ari' podcast berria, Nerea Arriola eta Ander Edoren eskutik, euskara hobetzea helburu. Egunero egongo da entzungai 20:50ean, eta ostean, audio plataformetan. Legazpi 6 euskaltegiko ikasleak gure estudioetan izan dira egun berezi honetan.

Este navegador no soporta el elemento audio.
Astelehen iluntze honetan abiatuko da NAIZ Irratiko 'Adi eta Ari' podcast berria eta, estreinaldia kontuan hartuta, Donostiako Legazpi 6 euskaltegiko hainbat ikasle izan ditugu gure estudioetan, euskara hobetzeko podcastaren aurkezpena lehen eskutik bizitzeko.
Hizkuntza berri bat ikastea ez da egun batetik bestera egiten den zerbait, eta NAIZ Irratiak euskararen ikaskuntzan laguntzeko bere alea jarri nahi izan du podcast berri honekin. Izan ere, egun euskara ikasteko metodo eta eduki ugari badaude ere, prozesu hori atseginagoa, gertukoagoa eta egunerokoan erraz txertatzeko modukoa egitea izan dugu helburu.
Nerea Arriola eta Ander Edoren eskutik datorkigu saio berri hau. Sei minutu inguruko atal bakoitzean euskarazko esamoldeak zein gramatika edukiak landuko dituzte, euskal kultur erreferentziak ere modu arin eta entretenigarrian aurkeztearekin batera. B2 mailako edukiak dira jorratuko dituztenak, baina oso egokiak ere euskaraz aritzen den edonorentzako.
Gainera, NAIZ Irratian egunero elkarrizketa ugari izaten ditugula eta horietan askotariko gaiak jorratzen ditugula aprobetxatuz, elkarrizketa horiek baliatuko ditugu ikasgaiak sortzeko. Hala, euskara hobetzeaz gain, Euskal Herria eta bertako aktualitatea hobeto ezagutzeko abagunea eskainiko du 'Adi eta Ari'-k.
Nork bere erronka moduan har dezan, egunero podcasta aditzeko tartetxo hori hartzea da ideia. Irratian 20:50ean entzun daiteke zuzenean sei minutuko pilulatxoa, baina webgunean eta audio plataformetan ere egongo da ostean entzungai.