IRRATIA

«Badirudi tortura iraganeko kontua dela, baina ez da hala»

Aurretik izandako auzi saioetan tortura salaketei entzungor egin ostean, Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindu bati lotutako epaiketetako bat hasi da. Auzia hastear, Madrileraino joan den Imanol Arzuaga Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldeko kideetako batek hitz egin du Naiz Irratian.

Iratxe Sorzabalen Bidasoaldeko Lagunak taldeak deitutako elkarretaratzea Irunen. (Maialen Andres | Foku)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ostegun honetan Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du Iratxe Sorzabal preso irundarrak. ETAko kidea izatea egotzita, Frantziar Estatuan zazpi urtez preso egon ostean, espainieratu zuten hainbat euroagindu tarteko eta Sorzabalek salatutako eta hainbat adituk frogatutzat emandako torturei entzungor eginez. «Badirudi tortura iraganeko kontua dela, baina ez da hala», ekarri du gogora Imanol 'Kima' Arzuaga Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeko kideak. Madrilen dagoen Auzitegi Nazionaleko egoitzaraino joan denetako bat da Arzuaga. Talde berberak elkarretaratzea egin zuen duela egun batzuk Irunen, Iratxe Sorzabali babesa emateko.

Lau Euroagindu izan ziren Espainiar Estatuak egindakoak, eta horietako hiru onetsi ziren. Iratxe Sorzabalen kasuak oihartzun handia izan du, 2001ean atxilotu zuten unean jasan zituen tortura bortitzengatik. Torturatua izan ostean emandako deklarazioan oinarritu dira Sorzabalen aurkako auziak. Urtarrilaren amaieran Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez zuen onartu Iratxe Sorzabali Auzitegi Nazionalak ebatzitako 24 urteko espetxe zigorrari jarritako helegitea, torturak ez zirela «erabat egiaztatu» argudiatuta. Arzuagaren iritziz «bitxia» izan da epaileen jokabidea auzi horretan, «onartzen dutelako lehen epaiketan Istanbulgo Protokoloa ezarri zitzaiola Iratxeri Parisen. Hor frogatutzat ematen da trauma ondoko estresa duela. Baina epaileek, medikuak izan gabe, esaten dute frogatuta dagoela estresa, baina ez dela zergatik torturengatik izan behar, agian atxiloaldiarengatik dela».

Aurrekariei erreparatuz, baikortasun handirik ez dute Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldean eta epaia gogorra izan daitekeelakoan, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko prestatzen ari da defentsa, bertan berme gehiago izango dituztelakoan. Horren aurretik dena den, martxoaren 16 eta 17 auzi saio berriak izango ditu Irungo presoak.

'Bi arnas' dokumentala

Imanol Arzuaga, Iratxe Sorzabalek jasandako torturen kontakizuna jasotzen duen 'Bi arnas' dokumentalaren zuzendarietako bat da ere. Euskal Herri osoko herri askotan proiektatu da ikus-entzunezko hau, harrera onarekin. EiTBk ditu dokumentalaren eskubideak une honetan. Primeran plataforman dago ikusgai, ETBn ordea, ez dute eskaini, horretarako konpromisoa zegoen arren. «Suposatzen dut arrazoi politikoengatik izango dela, ez dela xamurra izango beraientzat hori erakustea. Benetan larria da. Nik uste dut jendeak eskubidea duela eta merezi duela horrelako gauzak ikustea».