IRRATIA
Entrevista
Joseba Asiron
Iruñeko alkatea

«Deus ez egitea. Hori da Erorien Monumentuaren inguruan nahi izan ez dugun aukera bakarra»

Bete da urtea Iruñeko Udaleko zentsura mozioaz. Orduz geroztik Joseba Asiron da hiri buruzagiko alkatea, eta udal Gobernuan Geroa Bai zein Contigo-Zurekin taldeen babesa du. NAIZ Irratian izan da urtearen balantzea egiteko.

Joseba Asironek NAIZ Irratia hartu du Iruñeko udaletxean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Esan daiteke urtea oparoa izan dela. Oposizioko lehen indarra izatetik gobernuan beste bi alderdi alderdirekin egotera igaro zarete eta aurrekontuetan PSNren babesa eskuratu da. Nolako balantzea egingo zenuke?

Uste dut balantzea oso positiboa dela, zerbait objektiboa da. Orain dela urtebete paralisi gorrian zegoen Iruñea eta hiriko proiektu handiak guztiz geldituta. Urtebete pasa denean bitik bi aurrekontu ditugu, historian izandako aurrekontu handienak gainera. Orain dela hamaika hilabete aurkeztu genuen etxebizitza plana eta, horretaz gain ere, esan dezakegu proiektu handi horiek martxan daudela: Sarasatekoa, Euskal Pilotaren Interpretazio Gunea...

Auzoetan ere aurrerapauso handiak eman direla esango nuke. Aurten 30 milioi inbertituko ditugu auzoetan. Horrek baimenduko du Udalaren jarduera Iruñeko txoko guztietara heltzea eta arazoei irtenbidea ematea.

Nabarmendu duzue paralisiari bukaera eman zaiola. Herritarrak zuregana joaten dira elementu hori aipatuz?

Kaletik askotan galdetzen didate eta orain sare sozialak ere horretarako asko erabiltzen dira. Etengabe aipatu ditudan arazoak, etxebizitzarena esaterako, badakigu herritarrentzat, eta batez ere gazteentzat, arazo larrienetako bat dela.

Iruñean momentu honetan, jakin badakigu familiek errentaren %45 gastatzen dutela etxebizitza ordaintzeko. Badakigu baita ere, gazteen emantzipatzeko adina 27 urtetan dagoela batez beste. Gure gazteak ia 30 urte bete arte gurasoen etxean egon behar izaten dira. Eskaintzen dugun etxe bakoitzarengatik 51 eskaera iristen direla ere badakigu. Uste dut horrek interpelatzen gaituela eta horregatik pasaden urteko otsailean aurkeztu genuen etxebizitza plana. Gaur esan dezakegu 720 etxebizitza ingururen tramitazioa hasi dugula.

Deigarria izan daiteke zuhaitzak izan direla eztabaida politikoan eragin izan duten elementuak. Aipatu genitzake Zangoza kaleko aparkalekuko proiektuko 46 zuhaitzak, Belosoko aldapako 400 zuhaitzak edota Sarasate pasealekuko 78 zuhaitzak. Gutxitan zehazten da inguru edo kale zehatzetan zenbat zuhaitz egon ohi diren. Zuhaitzak izan daitezke eztabaida politikoaren azken heldulekua?

Ez dut uste. Azkenean gurutze plazan aurkeztutakoa eskuinak aurkeztu zuen eta Belosoko aldaparen kasuan eskuinak diseinatu, onartu, sinatu eta esleitu zuen proiektua. Guri egokitu zitzaiguna izan zen exekutatzea eta ahalik eta modu arinenean egin genuen. Datorren hilabetean landatuko dira zuhaitzak eta ahalegindu gara zuhaitz gorpuztuak izan daitezen. Ziur naiz hemendik gutxira Belosoko aldapak hartuko duela itxura. Hala ere, zuhaitzekin badakigu zer gertatzen den: badakigu aldaketa klimatikoarekin asko sufritzen dutela. Iruñean orain zero azpiko gradutan gaude egunero eta uda iristen denean hiri beroa da. Beraz, babes klimatikoaren garrantzia oso handia da. Esan beharra dugu baita ere orain Iruñean gutxi gora-behera 60.000 zuhaitz daudela, hiri berdea da Iruñea. Gainera, aurten landatu dira 1.400 zuhaitz. Bermatua dago eta horrela izaten jarraituko du.

Sarasate pasealekuaren berriztatzea adostua dago. Nola deskribatuko zenituzke bertan egingo diren lanak? Herritarrek zein aldaketa topatuko dituzte zumardian?

Sarasate pasealekua hiriaren toki zentrala eta erreferentea izateko sortu zen. Gaizki planteatutako ekimen batzuengatik galdu egin zuen paper hori eta orain berreskuratu nahi dugu, bere kokapenarengatik eta duen historiagatik oso toki garrantzitsua delako. Egingo den proiektu honetan bermatzen dira, adibidez, zuhaitzek bere horretan jarraituko dutela eta plataforma bakarreko pasealekua izango dela, irisgarritasuna ere bermatzeko.

Horrez gain, orain dauden elementu sinbolikoek jarraituko dute egoten: Foruen monumentua, Diputazioko eraikina edota Parlamentua. Horri gehituko zaio Sarasateren brontzezko tamaina naturaleko eskultura bat, eta baita Jorge Oteizaren eskultura bat ere. Uste dut ez dela bakarrik aurpegi garbiketa bat eta izango dela benetan aldaketa sakon bat. Sarasate pasealekua hasiera batean planteatu zena izango da. Hau da, alde zaharraren eta zabalgunearen arteko zubia.

Joseba Asiron, Iruñeko alkatea. (Iñigo URIZ / FOKU)

Bertan ezarriko da Jorge Oteizaren ‘Gatibu politiko ezezagunaren eskultura’. Proiektuari Udalak egin dion proposamenetako bat da hau. Nolatan erabaki da eskulturaren lekualdaketa?

Egin zen ideien lehiaketan horretarako aukera eman zen. Baina aipatu egin zitzaien orain arte Felix Uharte enparantzan egon den Oteizaren eskultura jartzeko aukera bazegoela. Eskultura garrantzitsua izan da, urteekin zentzua galdu duen arren. Sarasate pasealekuan badago eszenografia polit bat: aginte exekutiboa eta legegilea beste puntan, tartean Foruen errepresentazioa Foruen eskulturarekin. Fisikoki pasealekura sartzeko ate bat izango da. Sinbolikoki bi aginte nagusien artean gatibu politikoari dedikatutako elementu horrek eszenografian gehigarri izango dela esango nuke. 

«Ziur naiz denborarekin eta prozesua aurrera joan heinean jende gehiago joango dela batzen. Azken finean, guztiok nahi duguna da orain arte iraingarria izan den eraikin horrek, Erorien Monumentuak, iraingarritasuna galtzea»

Aldaketa urbanistikoei dagokionez, Erorien Monumentuaren moldaketa aurreikusia dagoen beste elementuetako bat da. Zertan daude lanak?

Egon ahal zen modu bakarrean. Behin baino gehiagotan esan dut Erorien Monumentuari irtenbide memorialistiko eta urbanistikoa emateko hiru pauso daudela. Momentuz lehenengoan gaude: partiduen arteko akordioan. Horren bidez bakarrik lor daitekeelako finantziazioa. Horretarako gehiengoaren zati ezinbestekoa da PSN.

Bigarren pausoa izango da behin finantziazioa bermatuta dagoenean eraikinari duen babesa kentzea. Ezin daiteke deus egin babes horrek irauten duen bitartean. Hori aldatzeko behar da, berriro ere, gehiengo politiko bat Parlamentuan.

Hirugarren agertokia izango da momentu bat, non Udalak eratu beharko duen behar bezalako ideien lehiaketa bat. Udalak jarri beharko ditu elementu guztiak mahai gainean bermatzeko behar bezala gauzatuko dela. Guri, alderdi politikoei, dagokiguna da bitartekoak jartzea eta bidea irekitzea.

Kexa adierazi zuten hainbat elkarte memorialista eta frankismoaren biktima ezberdinek. Udalak zer egingo du beraiekin kontsentsua lortu ahal izateko?

Saiatuko gara. Hiriaren egoeraren inguruko eztabaidan komentatu nuen autokritika eginez penagarria izan dela ez izatea kontsentsu handiago bat. Ziur naiz denborarekin eta prozesua aurrera joan heinean jende gehiago joango dela batzen. Azken finean, guztiok nahi duguna da orain arte iraingarria izan den eraikin horrek iraingarritasuna galtzea. Irtenbide bat zen eraisketa, baina hori posible ez denez, ez dagoelako akordio politiko ezta finantziaziorik ere, bi aukera izan ditugu: partiduen arteko akordioa edo ezer ez egitea. Deus ez egitea izan da nahi izan ez dugun aukera bakarra. Horregatik, uste dut bide onean gaudela. Ni saiatuko naiz ahalik eta iritzi gehien gehitzen.

EH Bildu barruan mantentze edo eraisketaren inguruko lanketa edo pedagogia egin behar izan duzue?

Ez bereziki. Noski honen inguruan sare sozialetan eta baita bileretan ere atera den gaia izan dela. Esango nuke honi buruz mundu guztiak duela iritzi bat eta ‘proiektua’ buruan. Guztiok nahiko genituzke eskuak libre eduki nahi duguna egiteko, baina kontziente izan behar gara bi aukera besterik ez direla egon. Iritsiko da erabakiak hartu beharko ditugun momentua.

Haur eskolak: «Alkate honek bere taldeko zortzi zinegotzi dituela Udalaren bigarren taldea izanik. Gehiengoa lortzeko hamalau zinegotzi behar dira. PSN da gehiengoa ematen diguna, baina badakigu hizkuntza politikan gauzak ez direla hain errazak»

Berriki ‘Diario de Noticias’ egunkarian esan zenuen bidesaria dela haur eskoletako gurasoek egindako kritikak. Zentzu honetan zer espero dezakegu? Zabaldu egingo da haur eskoletako euskarazko eskaintza?

Horretarako ere ikusi behar dugu zein den testuingurua. Askotan esaten dugu Iruñean alkatetza abertzaleen eskuetan dagoela eta euskararen aldeko politikak bermatuko dituela. Egia da, baina benetako errealitate gordina zein da? Alkate honek bere taldeko zortzi zinegotzi dituela Udalaren bigarren taldea izanik. Gehiengoa lortzeko hamalau zinegotzi behar dira. Ni orain eserita nagoen tokian lan egiten hasteko atera behar dut bulegotik eta beste partiduetako ateak jo. Orduan adibidez PSN da gehiengoa ematen diguna, baina badakigu hizkuntza politikan gauzak ez direla hain errazak. Inportanteena da pedagogia egitea eta mahai gainean elementuak jartzea.

PSNk asumitua du eskaintza eta eskaria gutxienez parekatu behar direla, nahiz eta ez den hori legeak esaten duena. Garai bateko euskararen legeak esaten du euskara bultzatu behar dela eta hori ez da eskari eta eskaintzaren arteko orekan lortzen. Pausoz pauso, eta pedagogia eta pazientziarekin aritu beharko dugu. Badakigu pazientzia asko izan dugula, hamarkada luzeak daramatzagula gai honekin. Aurrera pausoak emango dira legealdi honetan eta espero dut hemendik gutxira baita haur-eskolen aferan nabarituko dela.

Iruñeak Nafarroan pisu handia dauka, eta Nafarroari buruz hitz egiten dugunean eremu ezberdinetako despopulazioaz hitz egin izan dugu. Afera honetako balantzan zein da Iruñeko udalaren rola?

Iruñeak ere pairatzen du horren ondorioa. Orain dela 30 bat urte dagoeneko hitz egin nuen honen inguruan Itozko urtegiaren afera martxan zegoenean. Despopulazioaren prozesua herri txikietan hasi zen, baina ikusten ari gara herri handietara ari dela iristen. Krisian dagoena da lurralde antolaketaren oreka edo sistema. Iruñea ere ez da asko haz daitekeen hiria, bere udal dermioa saturatuta dago eta nafar bezala ere ikusten dugu asko galtzen dela herrien beraien populazioa galtzen dutenean. Horretan adibidez orain nafar Gobernuak hartu duen zonalde tentsionatuen inguruko gogoeta eta ekimena oso garrantzitsua da. Horretan oreka mantentzea inportantea da.

Lehentasuna eman diozun beste proiektuetako bat da Pilota museoarena. Nolako museoa izango da hau eta noizko egongo da prest?

Ez nuke inolaz ere museo hitza aipatuko. Ia ia euskal pilotaren hiruko magikoaz hitz egingo nuke. Oso sinbolikoa eta historikoa izan den eta modu herritarrez sortu zen Jito Alai frontoia egongo da, famatua den Labrit frontoia ere eta 50 metro eskasera egongo da interpretazio gunea. Erakusketa gunea izango du, baina nahi dugu bertan ekitaldiak izatea, artxibo eta iruditegiak, federazioen egoitzak… Zerbait bizia izate nahi dugu. Euskal Pilota kirol modalitate bezala bultzatzea eta Iruñearentzako den erreferente kulturala indartzea.