«Arrantza kuota berriek zapore gazi-gozoa utzi digute»
Urte berriak kuota banaketa berria esan nahi du arrantza munduan. EAEri dagokionez, zapore gazi-gozoa utzi du 2025 urteko banaketak; baxurako arrantzan, egoki eta goi-arrantzan, kaskar. Azalpen xeheagoak eskaini dizkigu Leandro Azkue Lakuako Gobernuko arrantza zuzendariak NAIZ Irratian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Hasi da 2025. urtea. Kuota berriekin, koska goi-altuerako arrantzan egon daiteke. Euskal arrantzaleek %20 gutxiago arrantzatu ahal izango dute oilarra, legatza edota zapoan. Zer eragin izango du horrek?
Gehienbat eragin zuzena izango du Ondarroako portuan, eta azken urteetan ere kuotak jaisten ari zaizkie. Baxurako flotarentzako, ordea, albiste ona da. Zapore gazi-gozoa dugu.
Zertan ezberdintzen da Ondarroako ontzidia gainontzeko euskal portuetatik?
Haien historia osoan arrantzatu izan dute Estatu frantseseko kostaldean, Irlanda iparralde eta mendebaldean... urrutirago joan den flota bat izan da, Euskal Autonomia Erkidego mailan daukagun espezializatuena, baina azken bost urteetako beherakadak eragina izan du haiengan.
Baxurako arrantzan mantendu edo igo egin da, txitxarroa adibidez. Agian ondorioztatu genezake intentsitate apalagoa edo artisauagoa den arrantza saritu egin dela euskal arrantzaleentzat?
Nik beste irakurketa bat egiten dut. Bakoitzak bere espezieak arrantzatzen ditu; batzuk itsasontziekiko daude banatuta, besteetan kuota estatuena da... eta espezieen egoera urtetik urtera aldatuz doa.
Adibidez, iparraldeko legatza ez dago egoera onenean eta, egoera ikusita, kudeaketan gabiltzanok neurriak hartu behar izaten ditugu. Kasu honetan, kuotaren jaitsiera eta horrekin etorriko den arrantza-esfortzuaren jaitsiera, pentsatuz horrekin espeziea berreskuratuko dela.
Hala ere, batek arrantzatzen ez duena beste batek arrantzatuko du. Egoten al dira ontzidi ezberdinen arteko gatazkak?
Kontuan hartu beharreko beste arlo bat da hori, arrantza pertsona askoren ogibidea baita, eta tentuz ibili behar izaten dugu zentzu horretan.
Europa mailan erabakiak hartuta eta kuota mailak ezarrita daudenean, tokian tokiko onurak kontuan hartzen ditugu euskal administrazio bezala, gure arrantzaleak babestu nahian.
Lapurtar arrantzaleek, berriz, kuota frantsesarekin egiten dute arrantza. Nolakoa da harremana ontzidi honekin?
Duela urte batzuk liskarrak egon ziren, arrantza tresnak ez zirelako egokienak Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat. Gaur egun harremanak nolabait normalizatu dira, bakoitzak bere arrantza eremua eta kuota propioak baititu.
Badira urrunean dauden euskal ontziak ere, Afrikan esaterako. Nolako dimentsioa dauka gure portuetan ikusten ez dugun ontzidi honek?
Oso dimentsio internazional indartsua daukagu, batez ere atunontzi izozkailuak. Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidego mailan daukagun flotak espezie horren munduko %10 harrapatzen duela jo dezakegu.
Lehen sektorearen etorkizunaz hitz egiten denean erreleboa izaten da hitz gakoa. Euskal arrantzaleek badute erreleborik?
Zoritxarrez zaila da, baina administrazioetatik ari gara tresnak eta proiektu desberdinak mahaigaineratzen. Arrantza eskolak ikaslez beteta daude, eta alde horretatik pozik egoteko datuak dira.
Hala ere, oso gutxi dira behin arrantza ikasketak amaituta euren etorkizuna itsasora bideratzen dutenak. Faktore ekonomikoek botatzen dituzte atzera gaurko gazteak, baina laster pizgarriak aurkeztuko ditugu.
Lehorreko errutina baten aldean itsasokoak sor dezakeen hutsunea ekidin edo samurtu nahian ari gara, tresnak eskura jartzen.
Portuak badira ere bestelako esparruetako lantokiak, eta eskuduntzen artean portuen kudeaketa ere bada. Eskuduntza hau transferitu daitekeen elementuetako bat da, baldin eta Gobernu espainolak balekoa ematen badu. Aukera hau nola dago gaur egun? Pasaiakoa aipatzen zen, pentsa genezake Santurtziko portuarekin zailagoa izango dela.
Negoziaketetan ari dira Madrilgo administrazioarekin, batez ere Pasaiako portuarekin lotuta. Ari direla bai, baina momentuz ezin dugu beste ezer aurreratu.
Jaso den eskuduntza kostaren ordenazioarena da. Nola eragingo du honek euskal arrantzaren sektorean?
Gertutasuna da lortuko duguna. Orain arte kontzesioak Madrilen menpe zeuden beti; gaur egun, ordea, eskumen hori gauzatzen denean, Jaurlaritzan izango dute gertutasun positibo hori.
Eztabaida politikoaren erdigunean izan da Guggenheim Urdaibai ere.
Itxaron beharko da, oraindik proiektua gauzatzeko elementu asko falta dira. Denbora beharko du eta ikusi beharko dira ahalmenak, proiektu handi honek ere Madrilen onespena jaso beharko luke.
1,8 milioi euro banatu dira dibertsifikazio arloko 45 proiektutan eta ekonomia urdin iraunkorrean. Nolako proiektuak lehenetsi dira diru-laguntza hauen bitartez?
Itsasertzean bizi garenok egunerokotasunean ikusten ditugun jarduerak definitzeko erabiltzen da ekonomia urdin iraunkorraren kontzeptua.
Itsasoarekin lotura duten hainbat eta hainbat jarduera ekonomiko definitzen ditu, hala nola; turismoa, arrantza, biodibertsitatearekin dauden loturak, kirolak, makro eta mikro algaren ekoizpena... egunero ikusten ditugun jarduerak.
Zentzu honetan erronka izango da ontzien kutsadura. Diesel bidez funtzionatzen dute.
Ez dago epe motzeko irtenbiderik arrantza itsasontzietarako. Beste ontzientzat ere badira zailtasunak, eta ari dira probak egiten erregai alternatiboekin.
Baina alternatiba horiek ontzien bestelako diseinu bat eskatzen dute: gaur egun ditugunekin, egituratuta dauden moduan, zaila da erregai alternatiboak bilatzea. Ez dituzte arrantza ontziak eredu hartzen.
Ezingo dugu atzean geratu, baina onartu behar da teknologia aldetik zailtasunak izango ditugula.