Zintzarriak, elurra, lerak eta janari goxoa: gabon kantak hizpide
Gonbidatu perfektua topatu dugu gabon giroko kantuetaz hitz egiteko: Izaro Andres pasa da Naiz Irratiko estudioetatik, berriki argitaratu duen 'Izaro Gabonetan' izeneko diskoaz gain, berak gabon kantuekin duen konexioaz hitz egitera.
Este navegador no soporta el elemento audio.
«Gabonak, Gabonak, hau zoriona» dio euskal tradizioan errotutako oles kantuetako batek. Eta bai, Gabonak garai zoriontsuak dira askorentzako, baina baita tristeak edota garrantzirik gabekoak beste batzuentzako. Garai perfektua iruditu zaigu dugunez Ad Libitumen gabon kantuen inguruan hitz egiteko.
Gaurkoa, gainera, atal berezia izango da, abenduaren 24rako gonbidatu perfektua topatu baitugu: Izaro Andres pasa da Naiz Irratiko estudioetatik, berriki argitaratu duen Izaro Gabonetan izeneko diskoaz gain, berak gabon kantuekin duen konexioaz hitz egitera.
Atala gabon kanten tradizioari buruz hitz egiten hasiko dugu, Stille Nacht klasiko austriarraren sorkuntzaren nondik norakoak aztertuz. Nola ez, Amerikako Estatu Batuek eta, bereziki, Hollywoodeko industriak gabon kanten esplotazioa nola jorratu zuen ere ikusiko dugu, tartean Bing Crosby pop izarraren White Christmas entzuteko tartea hartuz.
Izarorekin, ostean, musika mota honen aspektu ezberdinen bueltan ibiliko gara: ba al dago Gabonak ordezkatzen dituen musikarik edota sonoritate berezirik? Zeri buruz hitz egin beharko lukete gabon kantek? Nondik atera du berak gabon kanta berriak sortzeko grina? Gabon kantek haurrentzako soilik izan behar al dute? Berrasmatu al dezakegu Gabonen tradizioa, denontzako garai zoriontsua izan dadin?
Historiako Gabonetako diskorik salduenak ere errepasatuko ditugu amaieran, baita gurean ere oles kantuak berritu dituztenei arreta jarri ere, tartean, Kristonak taldea. Gabon gaueko afaria prestatu bitartean gozatzeko saioa!