IRRATIA

Eskola kirola eta gurasoak: Nola izan eredu?

Zein garrantzi du gurasoen jarrerak eskola-kirola egiten duen haur baten garapenean? «Ezinbesteko garrantzia» Kike Mokoroa Ordiziako udaleko kirol-teknikariak NAIZ irratian adierazi duenez. Gurasoak dira haurren erreferente nagusiak eta eredu ona ematea ezinbestekoa da, orain, nola?

Herri kirolak lantzen Leitzan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Gurasoen jarrera ezinbestekoa da haur baten garapen osasuntsu eta orekatu bat bultzatzeko, batez ere eskola-kirolaren testuinguruan, izan ere, haurraren erreferente nagusiak dira. «Jarrera positiboak eta sostengatzaileak haurrei segurtasuna eta motibazioa ematen dizkie» Kike Mokoroa Ordiziako udaleko kirol-teknikariak azaldu duenez, «kirola dibertsioa eta osasuna sustatzeko jarduera moduan ikusi dezaten».

Garrantzitsua da balioak (lankidetza, errespetua, ahalegina) lehenestea eta garaipenaren edo porrotaren trataera orekatua izatea, haurrak ahalegina eta ikaskuntza baloratu ditzan. Era berean, «gurasoek haurra ez presionatzea, kritikak ekiditea eta komunikazio ona mantentzea ezinbestekoa da», Mokoroaren esanetan. Jarrera eredugarri batek haurra orekaz eta osasuntsu garatzen lagunduko du, bere hitzetan.