IRRATIA

«Ez da atzera begirako ariketa huts bat, etorkizuna proiektatzeko lana baizik»

2024. urtea, Artefaktuaren urtea izan da GARA, NAIZ.eus eta NAIZ Irratian. Egunero egunero, Euskal Herriko gaurkotasunaren memoria berreskuratu da, eta orain Artefaktuak liburu itxura hartu du. NAIZ Irratian izan dira Iñaki Altuna, lanaren koordinatzaile orokorra eta, Fermin Munarriz, editorea.

Artefaktua Durangoko Azokan (Gorka Rubio | Foku)

Este navegador no soporta el elemento audio.


GARAren 25. urteurrenaren karietara, 2024 urte osoan, Etorkizuneko ARTEFAKTUA izenekoa jarri zen martxan. 1977an Egin sortu zenetik gaur arte, pertsona eta herri gisa hunkitu gaituzten gertaerak gogoratzeko dinamika. Orain, Durangoko Azokarekin batera urte oso bateko lana borobildu eta paperera eraman da.

GARAren 25. urteurrenean, Iñaki Sotok ohartarazi zuen Artefaktua ez dela nostalgia ariketa bat. Iñaki Altuna, lanaren koordinatzailea, bat dator horrekin, «Ez da atzera begirako ariketa huts bat, etorkizuna proiektatzeko lana baizik». Egindako lanaren ondoren «hedabide eta esparru informatibo propioak izateak duen garrantziaz» jabetzera eramateaz mintzatu da. Fermin Munarriz lanaren editoreak argi du «memoria ariketa» bat dela Artefaktua, «momentu honetan non gauden eta honaino nola iritsi garen ulertzen laguntzen duena».

Liburuaren hitzaurrean aipatzen da «etorkizuna hemen dagoela». Etorkizunaren Artefaktua hedabide honen bizitzan «mugarri» dela esan du Altunak. Batetik, GARAren 25. urteurrena. 2018tik aurrera eman den «trantsizioak» ere markatzen omen du mugarri izaera. «Etxe honek badauka funtzio garrantzitsu bat Euskal Herriaren garapenari begira» dio lanaren koordinatzaileak eta «arnas luzeko hausnarketa bat egin beharra dagoela». Horregatik ere bada mugarri Artefaktua «orain arte egindakoa nabarmentzeko eta, aldi berean, hausnarketa horretarako oinarri sendoa jartzen duelako».