IRRATIA

Zein eragin du kirolak haurren garapen psikologikoan?

Kirol psikologoa da Aritz Olagoi eta, hain zuzen ere, kirolak haurren garapen psikologikoan duen eraginaz mintzatu da NAIZ Irratian. Besteak beste, umeen autoestimuan, gaitasun sozialetan eta abarretan duen eraginaz jardun zuen. Nabarmendu zuenez, funtsezko gaia da haurren ongizaterako.

Haurrak kirol jarduerak egiten Leitzan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Kirol psikologia gertuagotik ezagutaraztea xede, Aritz Olagoi gaiaz mintzatu da NAIZ Irratian. Kirol psikologoa da, hain zuzen, eta kirolak haurren garapen psikologikoan duen eraginaz sakon hitz egin du. Azaldu du onura ugari dituela umeengan, besteak beste, eskola errendimenduaren hobekuntza eta gaixotasun mentalen prebentzioa. Olagoiren aburuz, irabazten ikasteko, galtzen jakiteko eta irabaztea eta galtzea zer den ere berriz definitzeko parada ematen du.

Haurren kirola definitu beharrean, kontzeptua kokatzearen alde egin du Olagoik: «Haurrek osasun fisiko, psikologiko eta soziala garatzeko diseinatutako kirol edo jarduera fisikoa». Horrela, helburu izan beharko lituzke haurrek ondo pasatzea, parte hartzea eta ikaskuntza; horiek dira, psikologoaren iritziz, lehenetsi beharreko xede nagusiak.

Ikastetxean ikas orduetan egiten den ariketa fisikoaz harago doa haurren kirola, badagoelako umeak eskolaz kanpo egin ditzakeen kirol antolatuak zein bere kasa egin ditzakeen jarduera ez antolatuak. Adin ikuspuntutik kokatze aldera, 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek egiten dutena litzateke haurren kirola, Olagoiren arabera. Izan ere, 4 urteko ume batek, esate baterako, jarduera fisikoa egin egiten du, baina psikologoak ez luke kontzeptuaren barruan sartuko.

Gurasoek egiten duten hautuak markatzen du, hein handi batean, umeak izango duen kirol ibilbidea. Horrela, bi korronte desberdintzen ditu. Lehenari kirol espezializazio goiztiarra deritzo, hau da, «haurra kirol bakarrean espezializatzea, normalean, 12-13 urte baino lehen». Kasu honetan, errendimendu altua bilatzea da xedea.

Bigarren eredua kirol aniztasunarena litzateke: «Haurrak edo gazteak kirol mota desberdinetan parte hartzea, gaitasun fisikoak, kognitiboak, sozialak eta psikologikoak garatu ditzan». Errendimenduari dagokionez, Garatek azpimarratu du gomendagarria izan ohi dela haurrek, txikiak direla behintzat, kirol desberdinak probatzea, nahiz eta bakarrean espezializatzeko asmoa izan.

Olagoik gaineratu du alor psikologikoari erreparatuz gero ere onurak dituela. ‘Kirol hastapena. Errendimendu, osasun, kirol ohitura eta garapen integralerako jarraibideak’ deituriko txostena aipatu du, gaiaren inguruan egiten duen ekarpena azpimarratze aldera. Izan ere, azterlanak kirol espezializazioaren ondorioei heldu die, baita kirol aniztasunarenei ere.

Kirola egiten duten umeen %1 edo %2 heltzen omen da errendimendu altuko kirolaria izatera, psikologoak aditzera eman duenez. Olagoik, ordea, beste elementu batzuetan jarri du fokua, hots, umearen beraren interesen edo garapen kognitiborako izan ditzakeen onuretan.

Bi joera, ondorio ezberdinekin

Kirol aniztasunaren eta espezializazio goiztiarraren arteko konparaketa eginez, azaldu du lehen joerak «funts gehiegirik gabe sortutako itxaropenak gutxitzea» dakarrela. Hau da, kirol bat baino gehiago egiten duten haurrek ez dute errendimenduarekiko itsutzea izango, oro har. Horrela, norbere buruarengan eta besteengan presioa arintzea ere badakar.

Halaber, kirola egitearen onurez ere aritu da Olagoi, harremanak sortzeko lagungarria izan baitaiteke, baita taldean lan egiten ikasteko ere. Gainera, irabazten eta galtzen ikasteko beharra sortzen du eta, psikologoaren aburuz, mesedegarria da hori gerora bizitzan aurkituko dituzten oztopoei eta gorabeherei erantzuteko tresnak garatzeko, «konturatzeko ez dugula beti nahi duguna lortuko, nahiz eta batzuetan izugarri saiatu».

Banatu ezinak dira, sarri, kirola eta lehia, eta ez zaio txarra iruditzen Olagoiri. Emaitzei eta errendimenduari dagokion tokia ematean datza kontua, psikologoaren arabera, beste irakasgai batzuk lortzeko aukerari traba egiten baitio.

Kirolak ikasketetan duen tokiaz ere aritu da, eta azaldu du mailak gora egin ahala ikas orduetan ematen zaion tokia desagertuz badoa ere, ikerketa ugarik agerian utzi dutela gainontzeko irakasgaietan hobeto jarduteko lagungarria dela. Izan ere, hobeto sentitzen eta ikasgelan arreta mantentzen laguntzen die.