IRRATIA

Aldaketa IBBko buruzagitzan: «Ipar Euskal Herriak ekonomia ahula du, baina ekimenak ere baditu»

Astea bete da EAJren lurralde prozesuen lehen fasea bukatu zela. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Iparraldeko Buru Batzarrek presidente berria izango dute aurrerantzean. Iparraldeko kasuan, Pantxoa Bimboire hautatu dute. NAIZ Irratian izan da astelehen honetan.

Peio Etxeleku, ezkerrean, eta Pantxoa Bimboire, eskuinean, elkarri bostekoa ematen. (@eaj-pnb)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ipar Buru Batzarreko presidente delarik, argi utzi ditu Pantxo Bimboirek aurrerantzean mahai gainean ezarriko dituen helburuak. Peio Etxelekuk utzitako lana jarraitzea izango du ardatz, «ekarpen handia» egin duelako haren ustez. Lehenik, bere ildoari jarraitzea da asmoa, beraz. Bigarrenik, Ipar Euskal Herriak dituen erronkak jorratzea, alor anitzetan: laborantza, industria, ekonomia, alokairua eta ingurumena aipatu ditu. Hirugarren helburua EAJrekin lokarri «finko eta estu bat» ezartzea litzateke, elkarrekin eraikitzen baitute estrategia eta politika orokorra.

Bimboireren ustez, «bistan dago» Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroarekin lantalde on bat nahi izanez gero, horiekin lan egin eta partekatu beharra dagoela.

Ildo edo joera horiek argituta, duela astebete ospatutako Aberri Batzarra izan dugu hizpide. Aipatu du ez dutela gauza handirik erabaki, baina «lehen kontaktu bat» izan zela behintzat, elkar ezagutzeko eta adiskidetzeko balio izan ziena.

Iragan politikoari begirada

Abertzaleen Batasuneko eta EH Baiko kide izandakoa da Bimboire. EAJra eraman duena da, azaldu duenez, azken urteetan talde horren ildoarekin guztiz bat ez etortzea hainbat alderditan. Ekonomikoan, bereziki: «uste dut Iparraldea eta Euskal Herria ez dugula garatuko ez bagara ekonomian buru belarri sartzen, lehen pausoa da autonomian ekiteko».

Ipar Buru Batzarreko presidente berriaren iragan politikoan sakonduz, aipagarria da ere Enbata aldizkarian 2018 urtean idatzitako artikulu batean makronistatzat hartu zuela bere burua. Hari horretatik tiraka, sei urte eta hauteskunde prozesu bat igaro direlarik, frantses egoera politikoari eta horrek Euskal Herrian duen eraginari buruz aritu da: «estatu bat gobernatzeko ez da ezker muturreko edo eskuin muturreko izan behar», esan du, «zentro potolo bat finkatu behar da, puntu komunak edukitzeko». Kontzeptu hori da, hain zuzen, Macronen ideiekin adiskidetu zuena. «Ni ez naiz frantsesa», gaineratu du, «baina Euskal Herrian ikuspegi bera behar dugu, zentroa garatu eta ikuspuntuak borondate oneko jendearekin partekatu».

Hain zuzen, Enbatan idatzitakoekin jarraituz, azken artikulua ere izan dugu aipagai: horretan adierazi zuen Itsasuko azken Aberri Egunean ez zela behar besteko batasunik egon. Kontatu digu ez duela horri buruz hitz egin Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentearekin, baina abertzaleek «batu eta bat izan» behar dutelako iritzia daukala, bakoitzaren pentsamoldea errespetatuz eta bidearen puska handi bat denen artean eginez.

Eta etorkizunean, zer?

EAJren barne prozesu horretan mahaigaineratutako beste elementuetako bat da ea Ortuzarrek alderdiko burua izaten jarraitu behar ote duen. Aukera horri buruz ez du iritzirik azaldu, soilik esan du «umila eta txikia» dela bera eta, hortaz, lehenik «leiho txiki batetik» sartuko dela eta bere hitza ez dela handia izango. «Ipar Euskal Herriak», gaineratu du, «300.000 pertsona ditu, ekonomia ahula du baina ekimenak ere baditu».

Amaitzeko, oraindik aztertzeke dauden bost dokumentuei buruz aritu da gurean Bimboire. Besteak beste, subiranotasuna, alderdiak herriari egiten dion ekarpena ala barne antolaketa eztabaidatuko dira Peio Etxelekuren laguntzaz. Ipar Buru Batzarreko taldeak elementu horiekiko zer egingo duen galdetuta, kontatu digu astelehen goizean bertan igorri dituela bere oharrak eta ezin duela momentuz besterik esan, «ez garelako inguruan mintzatu».

Dokumentuok «aski sakonak» direla ziurtatu du; hori dela eta, «eztabaida luzea izango da».