‘Gaupasa’: Kai Nakaik dantza-pistara eraman nahi gaitu
Bederatzi abesti kaleratu ditu Kai Nakai (Iratxe Agilera, Gasteiz 1996) musikari eta artistak. Duela lau urte ‘Baimenik gabe’ etorri zen eta orain ‘Gaupasa’ egitera eraman nahi gaitu. MusikHaria saioan izan da.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Intro moduko abesti batekin hasten da ‘Gaupasa’ diskoa, izen bereko kantuarekin, bi ahots entzun daitezke eta iluntasuna da nagusi. Insomnioa bezalako gai potolo batekin hasten da Kai Nakairen diskoa. Baina kontrastea segidan datorkigu, Akaleia (Oihana Rodriguez zumaiarra) bere estilotik aldenduz dancehall estiloan kantatzen jarri baitu Kai Nakaik. ‘Metxa’ da kantuaren izena eta gauari sua eman asmoz parrandara doanaren istorioa kontatzen digu bertan.
JazzWoman eta Manuva izan ditu hurrengo abestietan kolaboratzen. Valentziarra da JazzWoman eta techno erritmo bateko abesti elektronikoa sortu dute, nahiz eta pop mundutik gertuago dagoen. Maitasun erlazio bat gainditu osteko momentu bat kontatzen digute, erlazio toxiko bat albora utzi eta askoz ere hobeto sentitzen denaren istorioa, hori da ‘Dibino’. Mauva, berriz, Medellinen sortua da eta konposizio lanetan ere ondoan izan du Kai Nakaik. Filtreo abesti bat ondu dute elkarrekin abestuz, ‘Benga’ abestia.
Sara Roy kataluniarrarekin diskoko balada abestu du Kai Nakaik, sakona eta atmosferikoa musikalki. ‘Zerua’ kantua, maitasun erromantikoak beti du tokia bere unibertsoan eta ‘Gaupasa’ diskoan ere ezin zuen falta halako abesti batek. Iris Penche Balmasedan bizi den artista madrildarrarekin ere kolaboratu du Kai Nakaik. ‘Dónde’ kantua atera zutela badira hilabete batzuk eta bideoklip indartsu batekin reggaetoi bat osatu, tempo desberdinekin jolasean.
Albina Stardustekin musika brasildarraren joerak dituen ‘Goizerarte’ iluna egin du, auto-estimua altu edukitzearen garrantziaz hitz egiten digun kantua. Kortejatzeaz ari dira, baina norbera balioan jarriz. Esti Markez, Akaleiarekin egin moduan, konfortetik atera du, bachata bat osatu baidute maitasun idilikoari buruz. Gaitegiak batzen dituela ez dago zalantzarik, Estik ere ‘Atenporal’ diskoan maitasuna izan baitu hizketagai nagusia. Hartara, ‘Amaitezin’ izan daiteke bien kantu atenporala.
Maluks talde valentziarrarekin ixten da kantua. Katalunieraren presentzia nabarmena izan da disko honetan eta dance-house abesti honetan ere ez du hutsik egin. Gaupasa baten kronika hemen ikusi dezakegu, diskoak gauaren eta gauapasa egitearen ikuspegi desberdinak kontatzen baitizkigu.
Zuzenekoak ere ari da prestatzen Kai Nakai, «zerbait desberdina eta ikusgarria» izango dela aurreratu digu MusikHaria saioan. Bitartean, Durangoko Azokan izango da ‘Gaupasa’ diskoarekin, eta Durangon ere standa mimoz apainduko duela esan digu. Ea bada zer itxura hartzen duen.