IRRATIA

Batek, behintzat, Lau eta Erdiko finalerako txartela lortuko du

Villabonako Behar Zana pilotalekuan elkartu dira NAIZ Irratiarekin Itxaso Erasun, Goiuri Zabaleta eta Miriam Arrillaga. Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte. Lehen biek elkarren aurka jokatuko dute, eta Aginakoak Amaia Aldai egungo txapelduna izango du parean.

Ezkerretik eskuinera, Miriam Arrillaga, Itxaso Erasun eta Goiuri Zabaleta pilotariak, Villabonako Behar Zana frontoian. (NAIZ Irratia)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Miriam Arrillaga (Aginaga, 2000), Itxaso Erasun (Zizurkil, 1999), eta Goiuri Zabaleta (Leitza, 2009) NAIZ Irratiarekin elkartu dira asteazken honetan Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Master Cup zirkuituko Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte igande honetan Basaurin (12.00etan), Amaia Aldai egungo txapeldunarekin batera. Erasunek eta Zabaletak elkarren aurka jokatuko dute, eta Arrillagak Aldai izango du parean.

Asteazkenero hamar bat pilotari elkartzen dira Villabonako frontoian batera entrenatzeko. Asteazken honetan, Arrillagak, Erasunek, Zabaletak eta Laia Salsamendik entrenamendu espezifikoa egin dute kaiolarako. Horren aurretik, NAIZ Irratiarekin mintzatu dira ez bakarrik finalerdiaz hitz egiteko, baita kaiolako txapelketan zein sentsazio izan dituzten ere.

Nor iritsi da lehena entrenamendura eta nork pasatu du denbora gehien takoak jartzen? Tertulia giroan, hori ere erantzun dute pilotariek. Miren Larrarte pilotaria ere batu da solasaldira momentu batean. Arrillagak final-laurdenetan 22-13 azpiratu zuen bidaniarra.