Jon Basaguren: «Kantuak janzteko beste modu bat nahi nuen eta topatu nuenean piztu zen harra»
Estudioko lan luzerik atera gabe sei urte egon ostean bueltan da Izaki Gardenak. ‘Orube’ lana kaleratu berri du Gasteizko taldeak eta Jon Basagurenek Bigarren Kafean aitortu duenez prozesu luze baten emaitza da.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Gaur egun musika argitaratzeko dauden moduen artean aukeratu beharra, hartu beharreko lehen erabakietako bat izan zela aitortu du Basagurenek. «Luzea egin zait; erabaki genuen diskoa egun bakar batean argitaratzea baina azkenean aurrerapena kaleratzea erabaki genuen eta luze izan da prozesua».
2018ko ‘Dena oskol’ izan zen Izaki Gardenaken estudioko azken lan luzea. Ordutik hona Pasadena eta Libe bezalako proiektuen bidez musikan murgilduta jarraitu du Basagurenek baina tarte horretan bere proiektua dena alboratuta izan du. «Hainbeste denbora eta gero, proiektuaren birkonektatu behar izan dut; inertzia batzuk galduta neuzkan». Talde baten kudeaketa diskoak egitetik haratago doala ere gauza jakina da eta erabakiak hartzea eta alor guztiak zaintzeak ere lana suposatzen duela aitortu du.
Prozesu luze baten emaitza da ‘Orube’. «Iaz topatu nuen diskoa egiteko bidea. Kantuak janzteko beste modu bat nahi nuen eta topatu nuenean piztu zen harra. Diskoaren izena etorri zen aurrena eta horren bueltan hasi nintzen kantuak sortzen. Kontzeptuak muga kontzienteak ezartzea ahalbidetu digu, nora iritsi jakiteko eta zein soinu erabili zehazteko. Zentzu horretan, zer ez genuen nahi ere argi izateak lagundu digu».
Diskoaren soinuaren inguruan, «zerbait urbanoagoa» egin nahi zutela zehaztu du Basagurenek. «80ko hamarkadara jo nuen eta han Itoiz, The Cure, Joy Division eta antzeko taldeen soinuan jarri nuen arreta. Horietatik edaten joan gara».
Urtarrilean ekingo dio taldeak diskoa zuzenean aurkezteko birari. Hendaian, Abadiñon, Bilbon, Atarrabian, Gasteizen eta Donostian izango dira lehen hitzordu horiek.
Entzun Jon Basagurenekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.