«Azken finean egungo Atzerritartasun Legearen moldaketa bat besterik ez da»
Espainiar estatuak atzerritartasun legearen araudia erreformatuko du. Epeak laburtzea eta eskakizunak murriztea eta 300.000 lagunek beraien egoera egokitu ahal izango dutela aurreikusi da. Honi buruz gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Mikel Mazkiaran, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Espainiako Gobernuak aldatu egin du Atzerritarren Legearen araudia, errotze-figurak homogeneizatuz, eta 3 urtetik 2ra murriztu da itxaronaldia. Halaber, nazioarteko babesaren eskaera eta errotzearen erregularizazioa bateraezinak direla argitu da, familia berrelkartzea hobetu da, bisatu guztiek urtebeteko iraupena izango dute gutxienez, sasoiko langileen babesa indartu da eta ikasketa baimena lanekora bihurtzea errazten du.
SOS Arrazakeriatik erreformak gaur egun dagoen egoera erregularizatzeko «malgutasuna» ekarriko duela baloratu dute, Mikel Mazkiaranek azaldu duenez. Baina, azken finean, dagoen atzerritartasun legearen «moldaketa bat besterik ez» dela nabarmendu du. «Ez da aldatzen atzerritartasun legearen inguruko sistema orokorra».
Horregatik azpimarratu du lege bat ez dela «bat-batean» aldatzen eta ez dituela egun batetik bestera aztertuko «atzerritartasunaren arazo guztiak». Nahiz eta legearen erreforma onartu, atzerritartasun bulegoak, esaterako, ataskatuta jarraitzen dutela adierazi du. «Zertarako balio du hiru urtetik bi urtera jaistea egoera erregularizatzeko epea, gero atzerritartasun bulegoak baimena ematerako 5-6 hilabete pasatuko badira?»
Mazkiaranek uste du ez duela «ondo funtzionatuko». Adibide zehatz bat erabili du ideia argitzeko. «Maiatzean udako denboraldia egiteko jatetxe batek irregulartasun egoeran dagoen norbait kontratatu nahi badu, baina baimen urrian igortzen bada, kontratu horrek ez du ezertarako balioko».
Nazioarteko babesa eta errotzea
Nazioarteko babesaren eskaera eta errotzearen erregularizazio bateraezinak izango omen dira aurrerantzean. «Atzera pausoa» dela iritzi du Mazkiaranek, asilo eskatzaileen egoera «konplikatuago» bihurtzen baita horrela.
Gogorarazi du irregulartasun egoeran dagoen pertsona batek «inoiz ezingo dituela izan bermatuta bere oinarrizko eskubideak» eta horri aurre egiteko erreforma honek ez duela «ezer berririk ekarri».