«Palestinarren garapenerako eta laguntzarako proiektua da UNRWA»
Gipuzkoa Kutxa Solidarioaren 'Aztarna Solidarioa' saioan UNRWA Euskadi ezagutu dugu, Miriam Amubietaren eskutik. Ez dituzte garai xamurrak bizi, genozidioaz gain, euren jarduera kriminalizatzen ari direlako. Halaber, palestinar errefuxiatuen egoera jendarteratzen jarraituko dute.
Este navegador no soporta el elemento audio.
UNRWA, Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da eta 1949an sortu zen, 700.000 palestinar errefuxiatuei larrialdiko laguntza eskaini eta gizarte laguntzako programak burutzeko. Gaur egun ia 6 milioi errefuxiaturi laguntza eta babesa eskaintzen die 5 lan eremutan; Jordania, Libano, Siria, Gazako zerrenda eta Zisjordania, Jerusalem barne.
UNRWA Euskadi, 2006an sortu zen eta bi helburu nagusi dituztela kontatu digu Miriam Amubietak: euskal gizarteari Palestinako errefuxiatuen errealitatearen berri ematea eta UNRWAk burutzen duen lan humanitarioa euskal gizartean ezagutaraztea. Horretarako, bi arlotan egiten dute lan: garapeneko eta laguntza humanitarioko proiektuetan eta herritartasun Globalerako Hezkuntza eta Sentsibilizazio proiektuetan.
Elkartasuna jomugan
Azaroak 29 Palestinako herriarekin elkartasuna adierazteko nazioarteko eguna da eta ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte. Aktibismo ekintza bat egingo dute goizean Donostiako Bulebarrean Easo Politeknikoko eta Zurriola ikastolako ikasleekin batera. Parte hartzailea izatea nahi dute, beraz, Donostiako herritarrak gonbidatu ditu Amubietak. Ondoren, 16ak bitartean herritarrei informazioa emateko puntua jarriko dute.
Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzen jarraitzen du Israelek, euren elkartasuna eta laguntza humanitarioa zigortzen. Asko eta asko jazartu eta hiltzen dituzte, eta egoera oso latzak bizi dituztela kontatu du Amubietak.