IRRATIA

Manosfera; matxismo zaharra, ingurune digital berrietara egokituta

Datorren astelehena A25 Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna izango da. Lelo asko entzungo ditugu datozen egunetan eta askok indarkeria matxistaren diskurtso negazionistetan jarriko dute arreta, horrelako diskurtsoak hedatzen ari direlako manosferan. Baina zer da manosfera?

Gizonak mugikorrak erabiltzen komun batean (ROMAN ODINTSOV | PEXELS)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Aditu askok ohartarazi diguten bezala, diskurtso matxistak eta indarkeria sexistaren negazionismoa hedatzen ari dira sare sozialetan. Neskatoak geroz eta feministagoak dira bai, baina mutikoak geroz eta kontserbadoreagoak. Eta horretan, izugarrizko faktorea da manosfera; foroen, webguneen, blogen, YouTubeko kanalen eta misoginiaz betetako maskulinotasunaren defentsak markatutako profilen Internet bidezko unibertsoa. Maskulinitate zaharra, baina ingurune digital berrietara egokitua; eta komunitate honek bere hiztegi propioa du.

Komunitate maskulinistak, biktimismoa eta antifeminismoa lotzen dituen abiapuntua red pill (euskaraz, pilula gorria) izeneko filosofia da. Pilula gorriaren filosofia Matrix filmetik dator. Pelikulan Morfeo pertsonaiak Neori bi pilulen artean aukeratzea eskaintzen dio: urdin bat, zoriontsu izatea ahalbidetuko liokeena errealitateari buruz dakien guztia ahaztuta edo gorria, egia ezagutzeko eta engainua baztertzeko aukera emango ziona. Manosferaren testuinguruan, pilula gorria prozesu errebelatzailea da pentsamendu maskulinoan. Pilula gorria hartuta, gizonak amesgaizto misandriko feministatik eta burmuin-garbiketatik esnatuko dira. Emakumeentzako 'betaurreko moreak' janztearen kontzeptua bezala, baina gaizki ulertuta, eta oso kontrara. Horrela, online misoginia-sare bat sortuz.

Pilula gorriaren filosofian maila desberdinak daude eta horiek aztertu ditugu Bigarren Kafean: sedukzioaren guruak eta euren mezu misoginoak, body count kontzeptua, eta emakumeekin harremantzera ukatzen diren gizonen komunitatea.