«Unibertsitate publiko gisa, ikasleei formakuntza onena ematea da gure erronka»
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako kanpainak azken astea bete du; asteartean eztabaida izan zuten hautagaiek. Orain artekoaren balantzea egin du NAIZ Irratian Eva Ferreira egungo errektore eta berrautaketarako hautagaiak.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Kanpaina «nekagarria» izan da EHUren Errektoretza berritzekoa, Eva Ferreira egungo errektore eta hautagaiaren esanetan, baina baita «polita» ere, jende askorekin partekatu dutelako.
Hasiera malkartsua izan zuen gainera, Joxerramon Bengoetxea beste hautagaiari Ferreiraren taldeko Guillermo Quindosen X sareko kontu faltsua ezagutu zenean. Klaustroan bertan jakin zuela nabarmendu du: «Oso harrituta nengoen, mingarria izan zen baina egun horretan bertan erabaki nuen erabaki beharrekoa». Fokua hautagaitza berrian jarri du; Medikuntza eta Erizaintza fakultateko Ana Rodriguezen gain, alegia.
EHUko errektorea hautatzeko sistema berezia da. Doktore finkoek botoen %56 dute, ez finkoek %8, ikasleek %22 eta, gainontzekoek, %12. Kanpotik deigarria izan daiteke, galdera da ea bidezkoa ote den. Ferreirak argi utzi du legeetatik datozela araudi horiek, baina sistema hala dagoela onartuta unibertsitatean, LOSU Legearekin aldaketa puntualak egin badaitezke ere.
Ikasleek bere hautagaitza nola ikusten duten galdetuta, azpimarratu du bere taldearentzat «oso garrantzitsua» dela hurbiltasuna eta haien iritzia kontuan hartzea. Horretarako eta parte-hartzea sustatzeko, aurrekontu parte-hartzailea proposatu du, ikasleak izan daitezen barne deialdi baten bidez lehentasunak markatuko dituztenak.
Indarguneak eta hobetzekoak
Euskal Herriko Unibertsitatearen izaeraren erakusle dira, besteak beste, parte-hartze sistema digitalak (eGela, GAUR, Erreserbak Egiteko Sistema, ADDI...). Hala ere, arazoak eman izan dituzte sarritan, mahai gainean jarri delarik gaurkotu beharko liratekeen.
Horren aurrean, Ferreirak dio eraldaketa digitala «funtsezkoa» dela eta lau urtean «gauza asko aldatu» dituztela, unean martxan daudenak. Orain momentu ona litzatekeela esan du euren sistemak eraldatu eta errazteko, eta ikasleekin hitz egin behar dutela, prozesuok nola bultzatu eta definitu erabakitzeko.
Garraio publikoa hizpide, jakina da askotan distantzia luzeko ibilbideak egin behar direla unibertsitatera heltzeko. Horri buruz esan du hiru foru aldundiekin hitz egiten ari direla, diagnostikoak eta akordioak bilatzeko. Hala jarraitzea espero dute, hobetzeko asmotan.
Esate baterako, Donostiatik Leioara zuzenean iristeko Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin lortu duten akordioaren bitartez. Sustatu beharreko lineen arabera, daudenak bultzatu edo berriak ezarriko direla gaineratu du; beste ordutegi bat proposatzearekin batera, campuseko bizitza hobetzeko.
Unibertsitatearen rola eztabaidagai
Shanghai zerrendak munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu du berriki Euskal Herriko Unibertsitatea. Neurgailu aproposa al da, ordea?
Ferreiraren ustetan, zenbaki batek ez du unibertsitatea definitzen baina, kanpotik datozenei begira, «oso garrantzitsua da gure unibertsitatea munduan kokatzeko».
Enpresa pribatuaren eragina da deigarri egiten den beste gakoetako bat. Leioako campusean, adibidez, supermerkatua, bankua, auto eskola edo optika ere badaude. Unibertsitatearen erabilera komertzialari buruz, Ferreirak esan digu zerbitzu positiboak direla ikasleentzat; haien erantzuna ona izan dela beti zentzu horretan. Gainera, campus hori «dagoen lekuan egonda», ondo deritzo supermerkatua bezalako zerbitzuak eskura izateari.
Ildo beretik, mahaigaineratutako beste gaietako bat izan da enpresa pribatuek ikerketen finantzaketan edo masterren antolaketan ere parte hartzen dutela. Izan ere, akaso interes pribatuek jakintza baldintzatu dezakete.
«Unibertsitate publiko bezala, ikasleei formakuntza onena ematea da gure erronka», argitu du errektoregaiak. «Gero badira, noski, enpresa eta erakundeekin harremanak, baina baditugu kode etikoa eta balio propioak».
Joxerramon Bengoetxearen eta Eva Ferreiraren hautagaitzak bat datoz puntu batean: Barne Produktu Gordinaren %1 baliatu behar da unibertsitatearen finantzaketarako. LOSU Legean ere hala jasota dago, baina ikusteke dago Lakuako Gobernua prest egongo ote den horrelako diru kantitatea eskaintzeko.
Bada, elkarrizketatuaren aburuz, europar eskualde onenen artean posizioa mantendu nahi izanez gero berrikuntzari begira, «unibertsitate indartsu batekin» egin beharko dute, zientzia sustatzeko sustrai onak behar baitira. Nabarmendu du errektoreak EHU «gakoa» dela horretarako eta, unibertsitate publikoa den aldetik, horren finantzaketa handitu egin behar dela.
Unibertsitatearen euskalduntzeari buruz, adierazi du proiektu asko dituztela martxan formakuntzari dagokionez, eta graduetan nahiko bermatuta dagoela euskararen erabilera; arazoak daudenean irakasleekin lotuta egon ohi direla.
Era berean, «funtsezko» jo du campusetan gure hizkuntzaren erabilera areagotzea, besteak beste, kultur eta kirol eskaintzaren bitartez. Euskarazko corpus linguistiko zabala eta ezagutza handitzea ere bada xedeetako bat.
Bideko erronkak
Bestalde, soldatak ere kezka iturri izan daitezke, hauek apalak izatekotan. «Pauso batzuk eman ditugu, baina ahalik eta lasterren eguneratu nahi ditugu osagarriak, soldata minimoak hobetzearekin batera, gazteen artean gure unibertsitatea erakargarriagoa izan dadin», azaldu du Ferreirak.
Eraginpeko taldeetako bat ordezkoak eta «predoc» egoeran dauden irakasleak lirateke. LOSU Legearekin oztopoak agerikoak izan ziren, eta protestak ere egon ziren. Hobekuntza horiek bideratzeko, argi utzi du bere taldearen lehentasuna beti izan dela eta izango dela «kontratu osoak egitea».
Ordezkapen bat bideratzeko, kontratu partziala egin beharra daukate, baina horiek «gutxitzea» da asmoa. Egun, berrogei bat pertsona daude egoera horretan.
Amaitzeko, eta gizartearen aberastasunerako hobetu beharreko ezagutza arloei dagokienez, Eva Ferreiraren iritziz guztiak dira oso beharrezkoak, baina bi nabarmendu ditu: «Hezkuntza eta osasuna ezinbestekoak dira, eta oso momentu onean gaude horiek sendotzeko».