IRRATIA

«Ikaslea bihurtu behar da agente aktibo»

Erasmus edo Seneca bezalako mugikortasun programak izan ditugu mintzagai NAIZ Irratiak Leioako Campusean egindako saio berezian. Egun, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen eta enplegagarritasun errektoreorde da Fernando Tapia.

Leioako campuseko ikasleak. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egun eskaintzen dituen mugikortasun programek gero eta interes handiagoa dute, Fernando Tapia ikasleen eta enplegagarritasun errektoreordearen aburuz. Izan ere, «areagotu» egin dira, eta «askotarikoak» eskaintzen dituzte.

Ezagunena Erasmus+ den arren, bada Estatu mailan mugikortasunak egiteko Sicue, edota Norabideak programa, Latinoamerikara joateko. Gainera, egun, finantzaketa iturri desberdinak existitzen dira; unibertsitateak, Erasmusak berak edo euro erregioak eman dezakete, eta badira finantzaketa osagarri bat eskaintzen dutenak ere.

Hala ere, nahikoa ez dela azpimarratu du Tapiak NAIZ Irratian: «mugitzen den ikasle kopurua ez da nahikoa, handitu egin behar dugu». Nabarmendu duenez, aspaldi honetan aukera berriak sortu dira Erasmus+ delako programaren baitan egin diren aldaketekin. Ohiko lauhileko edo urtebeteko mugikortasunekin batera, laburragoak ere agertu dira, misto deritzotenak.

Aukera misto horiek hasiera birtual bat izan dezakete, eta gero mugikortasun fisiko batekin amaitzen dira. Horrekin batera, kontuan hartzekoa da ikasle batek ikasturte bakar batean programa desberdinetan parte hartu dezakeela; esate baterako, lauhileko bat Europan zehar egin eta ondoren labur batekin osatu.

Bide berri horiek irekita, datorren urtean ikasle guztiek mugikortasun bat egitea litzateke asmoa, «baita langileek ere». Izan ere, Tapiaren arabera, aukera hori ikasleekin identifikatu ohi den arren, «garrantzitsua» da azken horien artean ere sustatzea.

Bestalde, uneko testuinguru ekonomiko eta soziala ikusita, enpleguaren inguruko ikuspuntuaz galdetuta, aldatu egin dela dio errektoreordeak. «Orain entzuten dugu lehen bokazioz egiten zela lan, autoerrealizaziorako edo norberaren garapen pertsonalerako, eta gaur diruagatik egiten dela, garapen pertsonala beste leku batzuetan bilatuta. Nik ez dakit hori horrela den», adierazi digu. Ez dago ziur joera aldaketarik egon ote den, baina mantendu egiten da bokazioaren edo laneratzearen arteko dikotomia, eta hori gainditu beharra dagoelako ustean da Tapia, orientazioa bezalako tresnak tarteko: «funtsezkoa da zure abileziekin, gaitasunekin, interesekin... bat datozen ikasketak aukeratzea. Hori horrela eginez gero asmatuko duzu».

Etorkizunerako gakoak

Errektoreordetzan jarraitzeko asmoz, berriro aurkeztu da elkarrizketatua Eva Ferreiraren ‘EHUntzen’ hautagaitzan, agintaldi honetan martxan jarritako plangintzekin lotutako ekintzak burutzea helburu: «onartu ditugu inklusio plana, partaidetza plana, berdintasun plana, graduondoko plana, nazioartekotze plana... esango nuke hausnarketa estrategikoak eginda ditugula».

Matrikulen prezioaren murrizketa, desgaitasunak dituzten pertsonak, arreta psikologikoa edo aurrekontu parte hartzaileak adibide gisa aipatuta, «ikasleen ongizate fisiko eta mentalarekin zerikusia duten zerbitzuak indartzea» dute jomuga, Tapiaren esanetan, Ikasle Kontseiluarekin eta ikasle elkarteekin etengabeko harremana mantentzearen bitartez.

«Orain arte unibertsitateak eskaintza bat egiten zien ikasleei; nahi zutenek parte hartzen zuten eta nahi ez zutenek, ez», amaitu du. «Ikaslea bilakatu behar da agente aktibo. Ikasleak diseinatu behar ditu programak».