IRRATIA
Entrevista
Elene Lopetegi eta Naia Kortabarria
Bilgune Feministako kideak

«Ilusioa pizteko momentua dela ikusi genuen, beraz, utopiak pentsatzen gabiltza»

Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak larunbatean hartuko du lur Laudion. ‘Trantsizio feminista dimentsio guztietan’ izango da ekitaldiaren leloa, eta Bilgune Feministako kideek aurreratu dutenez, utopien bila arituko dira, mugimenduko kideen ilusioa berpizteko helburuz.

Elene Lopetegi eta Naia Kortabarria, NAIZ Irratiko estudioen kanpoaldean. (NAIZ)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Emakume* Abertzaleen topaketak bi urtean behin antolatzen dituzte Euskal Herriko Bilgune Feministako kide eta sarekideek. Larunbat honetan izango da hamargarren edizioa, eta Laudion batuko dira hainbat feminista, «ariketa kolektibo bat zabaltzeko eta ilusioa piztu zein ardura zabaltzeko saiakeran». Elene Lopetegi eta Naia Kortabarriak topaketen bueltakoak izan dituzte hizpide NAIZ Irratian.

Bilgune Feministaren estrategia politikoan mugarria ezartzen dute bi urtean behin antolatzen diren topaketa hauek. Zer aldaketa eragin dituzte aurreko edizioek?

Elene Lopetegi: Bilgune Feminista 2002an sortu zen eta bi-hiru urtean behin egin dugu ekimen hau; Eibar, Tolosa, Bilbo, Leitza, Oñati... Bat baino gehiagori topaketan parte hartu dutelako egingo zaizkio ezagun herri horiek. Erabili izan ditugu estrategia orokorren inguruan pentsatzeko, tesguinguruaren bueltako hausnarketak egiteko eta, beste batzuetan, baliatu ditugu gai konkretuagoak lantzeko, adibidez, identitateen inguruan hausnartu genuen Tolosan, eta ‘Araka ditzagun gure bazterrak’ deitu genuen topaketan, dekolonialitatearen inguruan eta gure pribilegio zurien inguruan aritu ginen. Azkenak Oñatin izan ziren eta, ordukoa, ospakizuna izan zen hausnarketa baino gehiago: 20. urteurrena zen. Aurten, hausnarketa orokorragoetara itzuliko gara Laudion.

Hamargarren edizio honetako lan-lerroak zeintzuk dira?

Naia Kortabarria: Euskal Herriaren nahiz Euskal Herriko mugimendu feministari buruzko irakurketa egin dugu, eta ikusi dugu giroa nahiko itzalita zegoela. Desesperazioan edo tristuran erori izan da askotan mugimendu feminista, batez ere etorkizunaren iragarpen ezkorrak egiten direlako. Askotan esaten da errazago irudikatzen dugula munduaren amaiera, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren amaiera baino. Orduan, pentsatu genuen gure eginkizuna borroka berpiztea dela. Ezin gara desesperazioan geratu, horrek pasibotasuna besterik ez dakar, beraz, zer egingo dugu? Gure mugimenduan ilusioa pizteko momentua dela ikusi genuen eta hortik etorri zen utopien gaia. Ez bakarrik Bilgunen edo mugimendu feministan, azken garaian mugimendu desberdinetan jorratu da utopietan pentsatzeko ideia, eta gu ere horretan gabiltza.

«Askotan esaten da errazago irudikatzen dugula munduaren amaiera, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren amaiera baino. Orduan, pentsatu genuen gure eginkizuna borroka berpiztea dela»

Euskal Herriaren trantsizio feminista nola ikusten duzue?

E.K.: Azken urteetan mugimendu feministak lortu du, nolabait, bere aldarrikapenak sozializatzea. Baina egia da mugimendu feministaren aldarrikapenak materializatzera ez garela iritsi; oraindik ere desberdinkeria agerikoa da, maila desberdinetan, ez bakarrik gizon eta emakumeen artean. Mugimendu feminista ari da sektorez sektore proposamen pila bate egiten, baina oraindik aurrerapausoak ez dira ematen ari. Uste dugu trantsizio feminista urgentea dela, jende askoren bizitzak jokoan daudelako, baina nola egingo dugu? Utopietaz ari gara orain, baina horietara iristeko prozesu bat egituratu behar dugu. Gauza bat da guk proposamenak egitea, baina proposamen horiek norbanako eta kolektibo desberdinek gauzatu behar dituzte, orduan, norbera bere lekutik mugitzen ez bada, nekez emango da trantsizio feminista.

«Trantsizio feminista dimentsio guztietan». Lelo hori aukeratu duzue hamargarren ediziorako.

N.K.: Argi ikusten genuen trantsizio feministaz hitz egiterakoan ezin genuela hitz egin norabide bakar batez. Errealitatea oso anitza da eta guk zentzu horretan eragin nahi dugu, dimentsio guztietan. Topaketetako ariketa zentrala horretan oinarrituko da, izan ere, badakigu errealitatea ordezka ditzaketen dimentsio asko daudela: harremanak, hezkuntza, kultura... Laudion, dimentsio guzti horien inguruan pentsatuko dugu: nolakoa gustatuko litzaiguke izatea hezkuntza? Nolakoak gure harremanak?

Ez dugu utopietan pentsatu nahi soilik utopia perfektu horiek marrazteko. Garrantzitsua iruditzen zaigu utopien inguruan pentsatzea, egungo errealitatea aktibatzeko tresnak direlako, eta desmobilizazioaren aurrean, gure militantzia aktibatzeko. Utopiengan pentsatzeak, bere horretan, modu kolektiboan pentsatzea dakar.

«Indarrak metatzen ari gara nahi dugun horren alde borrokatu ahal izateko, baina beste alde batetik, aldaketak egin behar dituen horiek ez dira beraien lekutik mugitu»

«Hitz egin dezagun kapitalismoaren bukaeraz» izeneko solasaldia izango da larunbat goizean. Gertu ala urruti ikusten duzue amaiera hori?

E.L.: Zoritxarrez, kapitalismoaren bukaera ez dugu gertu ikusten, baina gertu ikusteko lanean ari gara. Solasaldi horretara bertaratuko diren hizlariekin mahairatu nahi ditugu kapitalismoaren alde ‘berde’, digital, militar eta kolonialak. Abizen horiek analizatuko ditugu eta testuinguruari buruz hausnartu. Mugimendu feministaren baitan alternatibak zeintzuk izan daitezkeen pentsatuko dugu, eta kapitalismoaren amaierari buruzko pista batzuekin aterako dela jendea solasalditik. Eta gogoekin, benetan aldatu daitekeelako. Gauza batzuk gure esku daude eta beste batzuk kanpoko faktoreen menpe, beraz, bi alde horien tentsioarekin jokatu beharko dugu.

Zaintzen merkantilizazioa da kapitalismoaren eragin argietako bat. Euskal Herrian zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko greba feminista orokorra egin zen iazko azaroaren 30ean. Urtebetera, zer puntutan dago agenda politikoaren erdigunera eraman zenuten ezabaida hau?

E.L.: Urtea betetzear dago eta urteurreneko eguna mobilizatzeko baliatuko dugu. Aurreko greban EAEko eta Nafarroako administrazioak interpelatu genituen, eta eskaera argi bat luzatu genien: ez dezatela zaintzarekin negozio gehiago egin, baita sektore arteko mahai bat osatu eta gurekin eseri daitezela. Ez dugu inolako erantzunik jaso eta zaintza lanek merkantilizatuta eta pribatizatuta jarraitzen dute. Gauzak aldatu dira, mugimendu feministan gero eta artikulatuago gaudelako, jende gehiago aktibatu delako, gaia sozializatu delako... Indarrak metatzen ari gara nahi dugun horren alde borrokatu ahal izateko, baina beste alde batetik, aldaketak egin behar dituen horiek ez dira beraien lekutik mugitu.