IRRATIA
Entrevista
Elene Guridi
Realeko jokalaria

«Derbiak eragindako tentsioarengatik, jokoa agian zikinagoa da; eraginkorrak izan behar dugu»

Sailkapenari erreparatuta, «inoiz baino lehiatuagoa» ikusten du Athleticen eta Realaren arteko euskal derbia Elene Guridi (Oñati, 2002) jokalari txuri-urdinak. Azken jardunaldietan emaitza onak lortu dituzten arren, erdilariak adierazi du «sendotasun handiagoa» izan behar dutela bi areatan.

Elene Guridi Realeko jokalaria Zubietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Denboraldi honetan saltoa eman du Elene Guridik Realeko lehen taldera. Klub txuri-urdinak bigarren taldea eratu zuenetik bertan jokatu du erdilari oñatiarrak. Joan den sasoian Athleticen aurkako derbia jokatzeko aukera izan zuen Anoetan, minutu gutxi batzuk izan baziren ere: «Lehen derbiak beti geratzen dira hor. Gainera, lehen aldiz jokatu nuen Anoetan, eta berezia izan zen. Familia eta lagun guztiak joan ziren».

Sanchez Veraren taldeari martxa hartzea kosta zitzaion arren, orain «dinamika onean» dira, laugarren dira sailkapenean. Hala ere, Guridiren ustez, «hobetzeko marjina handia» dute. Alor pertsonalean, harrobiko jokalaria «gustura» dabil, bigarren zatian Sanchez Veraren ohiko aldaketa bat izaten ari baita.

Gogotsu zaudete hitzordurako?

Bai, azkenean beti duzu gogoa derbi bat jokatzeko. Are gehiago, Anoetan izanda.

Bi taldeak denboraldi hasiera oso ona eginda iritsiko zarete. Kanpotik partida lehiatua eta irekia aurreikusten da. Zuek ere hala ikusten duzue?

Sailkapenari begira, egia da inoiz baino lehiatuagoa dagoela euskal derbia. Gu bi puntu gorago, eta bi taldeak dinamika onean. Igandean ikusiko da xehetasun txikiek balantza norantz botatzen duten.

Non dago garaipena eskuratzeko gakoa?

Derbi batean joko aldetik dagoen tentsioa, eta derbi batek eragiten duen tentsioarengatik, jokoa beti zikinagoa izaten da agian. Gure jokoari dagokionez, azken jardunaldietan, nahiz eta emaitza nahiko onak lortu, agian eraginkortasun gehiago izateak emango lizkiguke hiru puntuak.

Gogoan duzu joan den denboraldian Athleticen aurkako bi partidetan zer egin zenuten?

Bai, bietan haiek eraman zituzten hiru puntuak [barrez].

Errebantxarako gogoa izango duzue Zubietan.

Bai, noski. Azkenean derbiak, esaten den modura, beti irabazi egin behar dira. Beraz, ea denboraldi honetan hiru puntuak etxean geratzen diren.

Anoetan jokatuko duzue. Kontuan hartzeko aldagaia da?

Reale Arenan jokatzeak puntu hori ematen du. Gainera, jende gehiago etortzeko aukera ematen du, eta denon artean bultzadatxoa emateko aukera. Derbiak bereziak izango dira jokatzen diren lekuan.

«Reale Arenak jende gehiago etortzeko aukera ematen du, eta denon artean bultzadatxoa emateko aukera»

Etxean ez duzue partidarik galdu, sendo zabiltzate.

Horri heldu behar diogu. Gure etxean, gure jendearekin, irabazten ez badugu, behintzat, berdinketa lortu behar dugu. Ea igandean ere horrela jarraitzen dugun.

Nola min egin Athletici?

Derbi batek ekartzen duen tentsioarengatik, jokoa apur bat zikindu daiteke, baina uste dut gure aurreko partidari begira, agian sendotasun handiagoa eduki beharko dugula bi areatan. Eraginkorrak izan behar dugu.

Nola ikusi duzu Athletic denboraldi hasiera honetan?

Athletic ia beti izan da talde oso bizia. Partidak dituen 90 minutuetan beste taldea estutzen du. Oso zaila da haien kontra jokatzea. Gure aldetik, dinamikan jarraitzea, eta gure joko konbinatiboarekin, baloiarekin, haiei min ahalik gehien egitea.

Joan den denboraldian Athleticen aurka Anoetan jokatutako partidan azken minutuan zelairatu zinen, ezta?

Bai, azken minutuetan zelairatu nintzen. Bost minutu inguru jokatzeko aukera eduki nuen, eta, bost minutu izan arren, lehenengo derbiak beti geratzen dira hor. Oroitzapen onak ditut, nahiz eta emaitza ez izan gustukoa.

Athleticen aurkako lehenengo derbia ez ezik, lehen aldiz ere jokatuko zenuen Anoetan.

Bai, esango nuke lehen aldia izan zela. Berezia izan zen. Familia eta lagun denak joan ziren. Minututxo txiki horrekin jokatzeko aukera izan nuen, eta beti geratuko dira niretzat.

Bigarren zatian jokatzen ari zara. Pentsatzen dut joan den denboraldian jokatu zenuena baino gehiago jokatzeko esperantza izango duzula.

Bai, orain arte egia da nahiko partida jokatzeko aukerak izan ditudala, nahiz eta bigarren zatian sartu. Beti prest egongo naiz, Josek [Sanchez Vera] gura duenean dena emateko; eta igandean jokatzeko aukera baldin badut, ederki.

Elene Guridi Realeko erdilaria Betisen aurka bere lehen gola ospatzen Zubietan. (@RealSociedadFEM)

Nola baloratzen duzu taldea egiten ari den denboraldia?

Egia da denboraldia ez genuela oso ondo hasi. Baina orain dinamika on batean sartu gara. Badakigu hau prozesu bat dela, eta prozesu honetan oraindik Realak asko duela ikasteko eta ez duela eman bertsiorik onena. Horretan gabiltza, egunero lan egiten, bertsio on horretatik ahalik gertuen egoteko.

Betisen aurkako partidan ikusi genuen beharbada Realaren partidarik osoena?

Osoena ez dakit, baina emaitza aldetik uste dut sendoena izan zela. Lau gol sartzeak eta atea hutsean uzteak asko esaten du partidaren inguruan. Hobetzeko marjina handia dago, eta egunero lan egiten dugu asteburuero bertsiorik onena emateko.

Sanchez Vera etorri denetik, zertan aldatu duzue?

Aldatu ez dakit, baina beti giroz aldatzea ondo etortzen zaie bai jokalariei, baita talde teknikoari ere. Bere intentsitatea eta exijentzia maila horrek jokalariei euren bertsiorik onena ateratzen laguntzen die.

Kanpotik, behintzat, hala ematen du. Intentsitate handiko entrenatzailea eta konformatzen ez den horietakoa.

Bai, kanpotik ikusten den modura, bera horrela da. Oso intentsua da, eta bere jokalariei hori exijitzen die. Uste dut hori dela bidea bakoitzak bere bertsiorik onena ateratzeko.

«Realak orain ez asko sortu du bere bigarren taldea. [...] Orain ikusten da prozesu horrek ematen duen fruitua»

Pixkanaka lehen taldean lekua egiten ari zara. Denboraldi honetan lehen taldeko fitxarekin, minutuak jokatuz, eta lehen gola ere sartu zenuen Betisen aurka. Gustura ari zara?

Oso gustura nago. Ikasten eta prozesuaz disfrutatzen. Kontziente naiz hau dela nire aurreneko denboraldia lehen mailan, eta oraindik asko dudala ikasteko. Edukiko ditudan minutuak ahalik gehien disfrutatu eta nire gaitasuna demostratzen saiatuko naiz.

Bakarren bati begia botatzen diozu bereziki lan saioetan?

Jokalari on asko daude Realan, baina nire postuari apur bat begira, Andreiari [Jacinto] begiratzen diot gehien. Joan den denboraldian eta orain dela bikoan demostratu du, baina sasoi honetan egiten ari den denboraldia izugarria da. Zer hobeto bera egunerokotasunean ikustea, nik ere berarengandik ikasteko.

Helburu nagusia ikastea da, baina baita minutuak pilatzen joatea ere, ezta?

Bai, azkenean jokalari batek konfiantza gura du, bera bertsiorik onena ateratzeko. Zer hobeto aste bukaera guztietan poliki-poliki minutuak pilatzea baino.

Bigarren taldetik lehenengora jokalariak salto egiten ari zarete. Izarne, Mirari, Apari, Viles, Sarriegi, zu...

Oso pozgarria da. Badakigu Realak orain ez asko sortu duela bere bigarren taldea. Bagenekien hori ere prozesu bat zela, eta orain ikusten da prozesu horrek ematen duen fruitua. Espero dut etorkizunean jokalari gero eta gehiagok saltoa egitea lehen mailara.

Derbirako emaitza bat?

[Barrez]. Emaitza zehatza ez dakit, baina Realak irabaz dezala.

Berdin dio 1-0, 4-3 edo 3-1?

Bai, bai, hiru puntuak etxean geratzen badira, berdin dio nola edo zenbat irabazi.