«Datuek esaten dutena baino jendearen pertzepzioa da hausnartu beharrekoa»
Donald Trump izango da berriz ere AEBko presidentea. Emaitzen nondik norakoak aztertzeko, hauteskundeen jarraipena Washingtonetik egiten aritu den Urtzi Urrutikoetxea izan da, NAIZ Irratian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
AEBk badute presidente berria: Donald Trump. Iragarri bezala, 50 estatuetatik 43tan Trump izan da garaile. Urtzi Urrutikoetxea kazetariak Washingtonetik jarraitu ditu AEBko hauteskundeak, eta azaldu du «datuek esaten dutena baino jendearen pertzepzioa» dela hausnartu beharrekoa. «Argi dagoena da Donald Trumpen mezua jende askok erosi duela. Beraz, datuek esan arren ekonomia oso ongi doala, hemen zabaltzen den mezua da migratzaile gehiegi dagoela eta kanporatu egin behar direla».
Senatua ere Trumpen mende
Senatuari dagokionez, guztira 100 senatari daude. Urrutikoetxeak azaldu duenez, errepublikanoek orain arte izan dituztenei eutsi egingo diete, eta gainera, «aukera handiak» dituzte demokratek izan dituztenetako batzuk bereganatzeko: «Argi zegoen Virginia mendebaldekoa lortuko zutela, hori hauteslekuak itxi eta berehala jakinarazi zuten. Baina Pennsylvaniakoa ere lortu dute, eta hau demokratena zen».
Azaldu duenez, ez dago argi zenbatekoa izango den errepublikanoek izango duten gehiengoa. Hala ere, kazetariaren ustez ez da 60ra iritsiko. 60ra iristeak esan nahiko luke aldaketak egin ahalko lituzketela Konstituzioan. «Eskuin ultra kristauak nahiko balu abortuaren debeku nazionala ezarri, botoak ez lirateke iritsiko 60 izatera, baina beharbada berrogeita hamarretik gora bai. Horrek Trumpi lasaitasuna emango dio agintean egoteko». Beraz, senatua bere menpe egongo da neurri «handi» batean.
Harrisen isiltasuna
Hauteskundeetako emaitzak ezagutzen joan ahala, demokratek ekitaldia bertan behera utzi dute. Kamala Harrisek ez du adierazpenik egingo bihar arte. Urrutikoetxeak azaldu duenez AEBn egoera «oso polarizatua» dago, eta emaitzen ondorioz, egun honetan «jende askok etsipen izugarria» sentitzen du. Bi alderdiek «hil ala biziko» kanpaina egin dute, eta Donald Trumpen mezua ere bide horretatik zihoan: «‘Galtzen badugu dena kenduko digute’ da Trumpek bidali duen mezua; eta, horren aurrean, bere mezua erosi egin diote».
Hala ere, Harrisen kanpainak zertan huts egin duen identifikatzeko «datu asko» erreparatu behar direla azaldu du Urrutikoetxeak. Abortuaren aldeko mugimendua jarri du adibide gisa: «Abortuaren aldeko erreferendumetan ikusi dugu jende askok eman duela botoa. Baina aldiz, Kamala Harrisek abortuaren aldeko mugimendua baino boto gutxiago izan ditu». Beraz, gai bakar batek ez du ezinbestean botoa erakarri.