IRRATIA

«Existitzen ez zirela esaten zuten pertsonei ahotsa eman nahi izan diegu»

47. Euskal Zine Bileran Publikoaren Saria jaso du duela gutxi 'Puzzleak, Bortxaketaren Jauregia' dokumentalak. Kote Cabezudo argazkilari donostiarrak egindako erasoak kontatzen ditu biktimen begietatik. 

Este navegador no soporta el elemento audio.


Boterea. Botere-sarea. Ukiezina denaren sentsazioa. Eta neurri batean konstatazioa. Eta hamaika eraso... Dokufikzioagatik egin du apustua Kote Kamatxok, 'Puzzleak, Bortxaketaren Jauregia' lanean. Kote Kabezudo argazkilariaren kasuaren biktimen begietatik eta ahotsetik bizitakoa modu dotorean kontatzen saiatu da.

Asko dago lan honen atzean aztertzeko, bahetzeko eta salatzeko, izan ere «justiziaren aparatuak ez ikusiarena egiten duenean, kasua publikoa egitea besterik ez da geratzen». 47. Euskal Zine Bileran Publikoaren Saria jaso berri du lanak.

Kote Kamatxok 2016an izan zuen kasuaren berria; lagun batek, aktore batek, kontatu zion dena. «2018an ikusi nuen auziak hedabide nagusietara jauzi egin zuela eta Odon Elorzak bere burua zuritzeko guztia fake news bat zela esaten zuela; ez buru eta ez hankarik ez zuela iruditu zitzaidan. Aktoreekin plataforma atera genuen eta gauzak horrela ez zirela esatera atera ginen».

Artean, gaiari buruz hitz egiteko beldur handia zegoen. «Ez dakit zenbat pertsonak sufritu duten sare honen erasoa, gehienek ez baitute salatu; nire txikitako eskolako gelako nesken hirutik bat pasa ziren estudio hartatik» dio zuzendariak. «Sei urterekin saria izaten zen Kote Cabezudorekin argazkiak egitea; hori erakundeetatik sustatu da» salatzen du Kamatxok.

Pasa den urtean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Kote Cabezudo argazkilariari ezarritako 28 urte eta 2 hilabeteko kartzela-zigorra, sexu-erasoa, sexu-abusua, haur-pornografia eta bi iruzur delituengatik. «Kote Cabezudo kartzelan sartu zuten presio handia egin genuelako, baina gauza asko epaitu gabe geratu dira eta bere lagunak kalean daude. Epaileak, kazetariak, notarioak… Agentziak ere hor jarraitzen du».