«Jende gehiago dator atzetik, eta hori oso pozgarria da»
Nerea Arrutik (Urnieta, 1990) hirugarren txapela jarraian eskuratu berri du Emakumezkoen Euskal Herriko Aizkora Txapelketan. «Oso pozik» agertu da lortzen ari den guztiarekin, baina «zer hobetu» baduela adierazi du urnietarrak. Emakumezkoen aizkolaritzari ere «etorkizun oparoa» ikusten dio.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Aizkoran hasi zenetik erabat nagusi da Nerea Arruti urnietarra. Bere hirugarren txapela eskuratu berri du Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan, hirugarrena jarraian. Aise nagusitu da lehiatu dituen hiru edizioetan, baina oraindik ere zer hobetu baduela azaldu du Arrutik, «batez ere alderdi teknikoan». Emakumezkoen aizkolaritzaz galdetuta, «etorkizun oparoa» ikusten dio urnietarrak, eta «datozen urteetan halaxe jarrai dezala» espero du.
Hirugarren txapela lortu berritan Lehen Mailako Aizkolari Txapelketan, pozik?
Egia esan oso pozik nago. Hiru urte borobilak izan dira.
Hirugarrenarekin, Nerea Sorondok bezain beste txapel orain txapelketan, hori ere bazen helburuetako bat?
Egia esateko ez zen helburuetako bat. Azkenean nik nire buruarekin dut borroka, besteak zer egin duten, egia esan ez dut kontuan hartzen, nire helburuak ditut eta horiek betetzera noa.
Hain justu, Sorondori hiru minutu eta erditik gora atera zenion finalean, uste baino errazago?
Orain ikusten dudala, eta orain esaten dudala, bai ondo irabazi nuela, baina momentuan, azkeneko enborrean sentsazioa nuen gauzak oso gaizki joan behar zitzaizkidala galtzeko, baina erraz-erraz... Azkenean bakoitzak bere lana egin du, batzuk lana hobeagoa egin dute, eta beste batzuei ez zaie hain ondo atera. Nire lanarekin pozik geratu nintzen.
Askotan etxean hobeto aritzen zarete plazan baino. Finalean hori hala izan zen?
Hori horrela da bai. Azkenean saiatzen zara etxean bezala egiten, baina urduritasun horiek, azkenean plaza plaza dela, okerrago egiten duzu. Bai ondo atera zela, beste txapelketetan egia esan ez naiz horren gustura geratu, baina etxean normalean hobeto egiten dut lana.
Nekatu ez zara egingo irabazteaz, baina ez dakit emozio pixka bat falta ote den. Hirugarren posturako emozioa egon zen baina gainontzean...
Ez, uste dut beti edozer gerta daitekeela. Beste txapelketa batean lehia hor dago, egia esan oso preparatuta joan nintzela, besteak pentsatzen dut ere oso prestatuta joango zirela, baina mentalki oso ondo nengoen, fisikoki ere bai, eta orduan agian horrek agian egin zuen irabaztea, baina beti dago lehia.
Nolabait ere errekorra ezarri duzu, lanak bi kanaerdikorekin amaitzen direnetik: 17 minutu eta 33 segundo. Markari dagokionez, baduzu helbururik aurrera begira?
Urtetik urtera hobetzea da helburua. Suposatzen da urtetik urtera teknikoki hobeto egiten dituzula lanak, fisikoki nola harrapatzen dizun arabera, baina printzipioz ere bai hobeto egon beharko nintzateke. Ikusiko dugu baina saiatuko gara datorren urtean marka hobeagoa egiten.
Pentatloiaz: «Hemendik bi urteetara gauzak aldatzen dira, baina zaila ikusten dut»
Akaso azken urteetan alde teknikoa gehiago lantzen egon zara, eta aurrera begira, hori duzu gehienbat landu beharrekoa?
Bai, nire kasuan bai. Kirol asko egitetik nator, eta beti mantendu egin behar da, baina egia da teknika aizkoran oso garrantzitsua dela. Noski hobetu dudala, ikusten dut entrenamenduetan eta txapelketetan, baina oraindik asko falta zait. Azken urte honetan uste dut gehien landu dudana alde teknikoa izan dela.
Aurrera begira, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko duzue lehendabizi.
Bai, azaroaren 3an dugu txapelketa. Aurten uste dut sei pertsona izango garela. Geroz eta jende gehiago, geroz eta maila handiagoa, beraz, pozik.
Txapelketaz harago, nola ikusten duzu aizkolaritzaren osasuna?
Azkenean bai ikusten dela hobetzen ari dela, jende gehiago datorrela atzetik, eta hori pozgarria da. Ni hasi nintzenean uste dut gutxi ginela, gero bat-batean jende gehiago hasi zen, eta egia esan sute dut edo espero dut, behintzat, datorren urte hauetan jende gehiagok izena ematea, eta horrek egingo duena da azkenean maila gora joatea.
Finalean Elgoibarko plaza bete-beteta zegoen arren, kosta egiten da plazak betetzea?
Egia esan kosta egiten da plazak betetzea, batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Harritu nindun nola zegoen plaza, egia da eguraldiak asko lagundu zuela, dena irekia zen. Plaza horrela ikustea, eta gainera, gure finala, nesken final bat izatea... Sekulako ilusioa egiten du.
Orain dela hilabete izan genuen euskal pentatloiko finala, emakumekoen lehiarik ez zen egon, ordea. Hor ere oraindik lan asko dago egiteko?
Pentatloiaren kontua beste kontu bat da. Gauzak aldatu ziren edo saiatu ziren aldatzen, onerako edo txarrerako, azkenean jendeak ez zuen izena eman. Pena da, uste baitut aurreko urteetan lortutako guztia bertan behera geratu dela, eta pena ematen du. Azken urtean, behintzat, egin zen, tira banakakoa ez genuen egin, pena ere bai, baina datozen urteetan ez dakit zer pasatuko den. Hemendik bi urteetara espero dut jende gehiagok parte hartzea. Azkenean harria jasotzen jendea dago, eta aizkoran ere saiatzen baldin badira, oso ikusgarria den kirol bat da.
Orain urtebeteko geldialdia hartuko du pentatloiak. Uste duzu itzultzen denerako emakume talde majo bat animatzeko moduan izango dela?
Zaila ikusten dut. Azkenean aurten eta joan den urtean geunden jendea ohituta gaude edo geunden, behintzat, bi kiroletan ibiltzea, eta orain dagoen jendea bakarrean ibiltzen da. Hemendik bi urteetara gauzak aldatzen dira, baina zaila ikusten dut.
Zuk asmorik baduzu?
Aurten eta joan den urtean izena eman nuen, baina ez zenez atera, penarekin geratu nintzen. Baina ni bai, beti prest